Euskal Itsas Museoa

Hiztegi Biografikoa

Tokiko, nazioko edo nazioarteko itsas historiaren inguruan bizi edo lan egin duten Euskal Herriko gizon eta emakumeen hiztegi biografikoa, Museoak argitaraturiko hainbat argitalpenetan barreiatuta zeuden erreferentzi ezberdinak (hiztegiak, ikerlan monografikoak, etab.) biltzen dituena. Guztien artean hauek nabarmentzen dira: Juan Pardo San Gilen “Euskal Herriko itsastarren hiztegi laburra” (HH.EE.: Itsas aurrean. El País Vasco y el mar a través de la historia, Untzi Museoa, Donostia, 1995,  195-216. or.) eta José María Unsain Azpirozen "Erretratu galeria. Hiztegi biografikoa" (UNSAIN AZPIROZ, J.M. (arg.): Donostia, itsas hiria, Untzi Museoa, Donostia, 2008,  379-400. or.).

A

AGIRRE, Antonio (1853-?). Marinela eta Donostiako portuko gidari edo praktikoa, "Xenpelar" izenaz ezaguna. 13 urte zituela San Sebastián-Habana nº 2 korbetan ontziratu zen. 30 urte zituela, kostako gidari edo praktiko lanetan aritu zen Concordia goletan. Donostiako portuko gidari ari zelarik, 1886ko urriaren 15eko gauean Potreus brigantin daniarraren tripulazioa salbatu zuen. Salbamendu honetan erakutsitako adoreagatik, Itsas Merituaren zilarrezko gurutzea eman zioten. Zurriolan hondartutako Belboken goleta ur gainera ateratzea eta Pasaiara eramatea lortu zuen. 1916ko ekainaren 18an domina bat jarri zioten, ekaitz handi baten eraginez Kontxako badian gobernatzeko modurik gabe geratutako ontzi baten salbamendu lanetan egindakoagatik.

AGIRRE, Paulo Agustin (Donostia, ?-1745). Armadako fragata-kapitaina. Berwickeko dukeak 1719an Donostia setiatu zuelarik, partaidetza aktiboa izan zuen bai defentsan bai hiriaren kapitulazioan. Armadaren hainbat ontzi izan zituen agindupean, baina Princesa-ren defentsa lan gogorragatik lortu zuen ospea; ontzi bikain hark 70 kanoi zeuzkan, eta Gaztañetaren proportzioei jarraiki zegoen ekidatuta. 1740an, zazpi ordu baino gehiagoz aurre egin zien hirurogeita hamarna kanoiko hiru ontzi ingelesi Finisterreko kostaldean, harik eta ontzia etsaiaren eskuetara errenditu behar izan zuen arte. Hainbat ohore jaso zituen bere portaeragatik, hala Espainian nola Ingalaterran. Britainiarren esku geratu zelarik, hauek goitik behera aztertu zuten Princesa, eta hango ontzioletarako eraikuntza erreferentzia bihurtu zen.

AGIRRE, Pedro (Donostia, XVI.m.) "Campanario" izenaz ezaguna. 1588ko Ingalaterrako Jornadan mutil gisa aritu zen, eta Armadaren ontzi baten agintera iritsi zen; ontzi hau hondoratu egingo zen. 1623an korsuan hasi zen San Pedro patatxaz, hainbat ontzi holandarren aurka eraso joz. Itsaso eta gerrako kapitain izendatu zutelarik 1624an, bere lapurreta eta harrapaketa ekintzetan jarraitu zuen, hainbat gehiegikeriaz gainera; hauen ondorioz, frantsesak bila ibili zitzaizkion. Informazio gehiago.

AGIRRE OKENDO, Joaquín (1730-1764). Erreforma ilustratuen testuinguruan, 1748an argitaratu ziren Armada espainiarraren Ordenantzak erredaktatu zituen; hauek 1793 arte egongo ziren indarrean. Armadako kide gisa, jeneral nagusi maila erdietsi zuen. Bere bizitzaren amaieran, Guatemalako Errege Audientziaren presidente izendatu zuten, baina karguan egiaz hasi aurretik zendu zen.

ALARCIA, Marcelina. Agustin Ziritzaren emaztea izaki, itsas zabaleko arrantzan ari zen familiaren enpresan hasi zen lanean. Egin zuen lanak, negozioaren alderdi komertzialean bilduak, oso estimu handia lortu zuen, erakutsitako kaudimenagatik eta nortasun sendoagatik. 1962 inguruan utzi zion lanari.

ALAVA y SAENZ DE NAVARRETE, Ignacio Mª de (Gasteiz, 1750-1817). Armadako kapitain jenerala. 1766ko urtean sartu zen Itsas-Armadan. Mediterranioan, Atlantiar Ozeanoan eta Ozeano Barean zehar ibili zen, eta zenbaietan berberiar itsasontziekin egin zuen topo. EE.BB.etako independentzia lortzearren Ingalaterraren aurka burututako ekintzetan (1780-82) eskuhartze zuzena izan zuen, baita Orango hiriaren aldeko sorospenean ere (1791). 1792.ean brigadier egin zuten eta 1794ean ontzitalde buru. 1795. urtean Filipinetara joan zen ontzi talde batekin eta bertan Manilako gerrontzi-portua sortu zuen. 1802ko urtean, teniente jeneral mailara goraturik, Penintsulara itzuli zen. Trafalgarreko gerratean parte hartu zuen (1805) ontzidi aliatuaren aintzindaritzan; ingelesek atzeman egin zuten bere ontzia, baina beranduago aske uztea eta ihes egitea lortu zuen. 1808. urtean Cadizen frantsesen aurka bildu ahal izan zen ontzitaldearen aginteaz arduratu zen Habanako gerrontzi-portuaren komandante jenerala izan zen (1810-12) eta Cadizeko departamentuaren kapitain jeneral (1812-14). 1814. urtean "Consejo Supremo del Almirantazgo" izenekoan sartu eta Itsas-Armadako kapitain jeneral mailara goratua izan zen. Chiclanan hil zen. Informazio gehiago

ALBISTUR, Domingo. Kapitain eta armadorea. Frantziaren aurkako korsu gerran parte hartu zuen (1552-1555).

ALDATZ, Frantzisko. XVIII. mendeko merkatari garrantzitsua, Nafarroako Eneritzen jaioa. Donostian komunaren diputatu gisa jardun zuen. Merkataritza arloan ez zen soilik trukean aritu, zenbait ontzitan partaidetza ere izan zuen eta. Honen jardueraren eremu geografikoa Amerika eta Errusiara iristen zen, eta baita Andaluziako portuetara ere. Joan Jose Bizente Mitxelenarekin batera Aldaz merkataritza-sozietate garrantzitsua fundatu zuen [Ikusi Mitxelena].

ALIRI, Joan López de. Flandesko armadako kontalari, eta Genoako galeretan enplegatutako burokrata.

ALIRI, Antonio. Joan Jose López de Aliriren semea, soldadu gisa hasi zen Portugalgo galeretan, eta Atlantikoko ontzidian gero. Pilotu mailara igo zen eta, David Goodman-en arabera, oso karrera arrakastatsua egin zuen itsasoan; Indietako Eskolta Ontzidiaren almirante izatera heldu zen.

ALZATE, Antonio de (Hondarribia, XVI.m.). Bere garaian entzute handia lortu zuen ontzigilea. Bartzelonako ontzitegietan zuzendaritza-lanak burutu zituen eta Juan Austriakoak Lepantoko borrokan eraman zuen ontzi-nagusia berak diseinatu zuen. Gudu horretan ontzi baten buruan nabarmendu zen. Gero bere lanari ekin zion ostera Bartzelonan, 1587. urtean hil zen arte.

ALTZEGA CRUZAT, Pedro (Donostia, XVII.m.). David Goodman historialariak honela aurkeztu zuen Donostiako marinel honen biografia: "Kariben eta Itsasartean zabaldutako armadetarako zerbitzuan eman zituen berrogeita hamar urteetatik (1600-c. 1650) denbora gehiena kortsario holandar eta berbereen kontrako borrokan igaro zuen. 1632an denbora labur bat egin zuen lehorrean, Flandesen, hainbat gune setiatzen. Itsasoan soldadutik kabo, alferiz eta sarjentu nagusi mailara igo zen, eta azkenean galeoi baten agintea eman zioten, Itsaso eta Gerrako Kapitain gisa; zilarretarako galeoi batena eman zioten lehenik, eta Atlantikoko flotako batena gero. Baina honen kasua ezohikoa izatea eragiten zuena nabigazioan aditu izatera iritsi izana zen, halako moduan ezen Erregeri eskaini baitzizkion bere zerbitzuak, irakasle gisa, "ikasi nahi dutenei nabigazioaren eta pilotatzearen artea irakasteko". Esaten zuen euskalduna izatean bere hizkuntza erabiliz hitz egin zezakeela Bizkaiko eta Gipuzkoako marinelekin. Ez zien ez teoriarik ez matematikarik irakatsiko –"ez lirateke eskoletara etorriko"–, baizik eta praktika, besterik ez, berak diseinatutako nabigaziorako tresnen bidez erakustaldiak eginez. Eta Felipe IV.ari ziurtatzen zion ezen, hiru hilabeteko epean, ongi prestatutako berrogeita hamar pilotu baino gehiago emango zizkiola, horrela konponduz Monarkiaren ontziak atzerrian kontratatutako eta leialtasun zalantzagarriko pilotuen eskuetan jarri beharra eragiten zuen eskasia kronikoa. Armada Batzordeak eskaintzaren alde egin zuen, eta Felipek hura lanean jartzea onartu zuen; dena den, ez dago argi noizbait jaso ote zuen eskatzen zuen Kosmografo eta Kantabriako Pilotu Nagusi titulua" [GOODMAN, David: “El poderío naval español”, Ed. Península, Bartzelona, 2001, 328. or.].

AMEZKETA, Joan. Itsasoko kapitain. Oso eginkizun nabarmena bete zuen 1625ean San Juan de Puerto Rico holandarren aurrean defenditzeko unean. Badirudi Amezketa hau izan zela Camino doktorearen arabera 1606an Portugalgo Penicheren parean askoz handiagoa zen indar holandar bati aurre egin ziona, "adore izugarria erakutsiz eta erresistentzia sinestezina agertuz, ontzi bakar batez askoz ere handiagoa zen eskuadraren kontra".

ANDAGOYA, Pascual de (Koartango bailara, 1495-1548). Esploratzaile eta konkistatzailea. Gaztetan Darienera joan zen Pedrarias Davilaren espedizioarekin (1514) eta Panamaren sarreran izan zen (1519). Costa Rica, Panama era Kolonbia zeharkatu zuten hainbat espedizio antolatu edo haietan parte hartu zuen. 1522. urtean Birura (Peru) iritsi zen lehena dugu, baina gaiso zenez, ez zuen bere konkista aurrera eramaterik izan. Pedrariasi lagundu zion Nikaragua menperatzen. San Juan ibaiko gobernadore eta agintari izendatu zuten (1539) eta Buenaventura sortu zuen. Bere bidaien eta aurkikuntzen zerrenda bat idatzi zuen. Panaman hil zen.

ANDONAEGI GARMENDIA, Frantzisko (1874-?). Ontzi injinerutzako ikasketak egin zituen Ingalaterran. 1902 inguruan ontziola bat jarri zuen martxan Donostian, eta zurezko ontzi txikiak ekidatzen hasi zen. 1908 inguruan Pasaiara aldatu zen, eta hantxe jarraitu zuen ontzigintzan, 500 tonarainoko arrantza-ontziak ekidatzeko 150 langile enplegatzera helduz. 1922an ontziolak saldu eta negozioa arrantza-ustiapenerantz bideratu zuen. Urte horretan bertan parte hartuko zuen Donostiako Armadore eta Arrain Esportatzaileen Elkartearen fundazioan; elkarte honek arrainaren salmenta eta esportazioan ziharduen. Andonaegi, baina, Pasaia altura edo itsas zabaleko arrantzarako portu gisa garatzeko eragile behinenetakoa izan zen. Portu horretako ontzidi handienetako bat eduki zuen. Eta izan zuen jarduerak Trintxerperen hiri garapena ere bultzatu zuen. Teknologiaren azken aurrerapenak bereganatzeko erne zelarik beti, ontzidian itsas zabaleko arrantzarako 14 ontzi inguru edukitzera iritsi zen.

APALATEGI, Pedro Ignazio. Merkatari donostiarra, 1843an "Isabel II txalupan, ontziaren bizkarraren azpian arraun egiteko egokitutako makina bat" patentatu zuena. Bere asmakuntza hori aplikatuta, hainbat txalupilo esperimental ekidatu zituen Mápil-en (Usurbil). Hauei paleta-gurpil sistema bat aplikatzen zien eta, gurpil hauek 16 arraunlariren besoek eragindako birabarki sistema batez mugituta, 6 eta 6,5 milia bitarteko lastertasuna lortzen zuten. Sistema hau Santanderreko badian bidaiariak garraiatzeko probatu zuten, eta bisiguaren arrantzan ere bai 12 eta 16 milia bitartean kokatutako kaletara iristeko. Armadaren kanoi-ontzietarako egokitzeko ahalegina ere egin zuen. Emaitzak ez ziren, baina, onegiak izan, eta ontzietan berrikuntza hau sartzeko ahaleginak ez zuen geroagoko garapenik izan.

ARANBURU, Marcos de (Donostia, 1544-?). Gaztelako galeoietako ikuskatzaile eta kontalaria, Indietako Ontzidiko jeneral ere izana. Itsas borroka eta ekintza ugaritan hartu zuen parte, eta bizirik atera zen 1588an Ingalaterra inbaditzeko egin ahalegin zapuztu hartatik. Oso eginkizun nabarmena bete zuen 1591n Azore uharteen parean armada ingeles baten kontra egindako borrokan, etsaiaren almiranta ontzia abordatu baitzuen. Aranburuk berak idatzitako hainbat testu iritsi zaigu. Horietan, 1588ko Ingalaterrako Jornadaren itzulerako nabigazio arriskutsua kontatzen du, eta Magallaes itsasarteko eta Río de la Plata eta Brasilgo kostaldeetako nabigazio eta gotortze egokiagorako proposamenak ere planteatzen ditu. Santiagoren Ordenako intsignia jaso zuen.

ARANBURU, Paulo. Kapitain eta armadorea. Frantziaren aurkako korsu gerran parte hartu zuen (1552-1555).

ARGARATE, Martin de. Artikoko uretan baleak harrapatzeko guneen esplorazioan aintzindaria izan zen. 1612an Norvegiako iparreko uretan aurkitzen zen balea-espedizioa baten agintean. Urte batzuk beranduago Danimarkako Koroaren zerbitzura jarri zen bere arrantzaldien garapenerako.

ARIZTEGIETA, Migel (Donostia, ?-1677). XVII. mendeko merkataria eta galeoigile ospetsua. Fernando Serrano Mangasen arabera, "Ariztegieta donostiarra ekidatzaile ospetsuena zen, Ignazio Soroarekin batera, Bizkaiko Golkoko kostalde osoan zehar. Amerikarekiko merkataritzari estu lotua, Itsaso eta Gerrako kapitain karguaren trukean galeoi bat ekidatzea eskaini zuen. Bere merkataritza jardueretan zein ontzigintzaren negozioan, arreba zuen Gracia de Atocharekin batera agertzen da beti (...). Ariztegieta-Atochatarren botere ekonomikoa oso kontuan hartzekoa izan zen (...)" [SERRANO MANGAS, Fernando: Función y evolución del galeón en la Carrera de Indias, Ed. Mapfre, Madril, 1992, 104. or.]. Informazio gehiago

ARIZTEGIETA AMILIBIA, Jose Maria. José María de Aristeguieta y Cía arrantza-enpresaren bazkide fundatzailea. 1902 eta 1906 bitartean lanean aritutako etxe hau izan zen Espainian "ate" sistemako arrasteko sareak erabili zituen aurrenekoa.

ARIZTEGIETA ARBELAITZ, Santiago (1540-1596). Marinel trebatua, 14 urte zituela Atlantikoz bestaldeko arrantzaldietan hasi zena. Kapitain gisako zerbitzua eman zuen Indietan gertatutako zenbait itsas ekintzatan.

ARITZETA, Joaquin. Itsasoko Postaren zuzendaria izan zen 1842an.

AROSTEGI, Pedro. XVII. mendeko bigarren erdialdeko ontzigilea. Indietako Ibilirako galeoiak ekidatu zituen Basagoana (Errenteria) eta Mápil (Usurbil) ontzioletan. 1679an 1.200 tonako bi galeoi egiten hasi zen Mápil-en; horixe izan zen ordura arte Indiekiko trafikoan ikusitako edukierarik handiena. Obrak amaitu aurretik hil zen Arostegi, eta honen seme Pedro Frantzisko Arostegik amaitu zuen lana. Informazio gehiago

ARRATIBEL, Maria. Bainuzaina. Isabel II.ari ematen zion zerbitzua, hau Kontxako uretan bainatzen zenean. 1868an, erreginak Donostia erbesterantz abiatzeko laga zuelarik, aurrez aurre agur esan zion azken pertsonetako bat izan zen.

ARRIOLA, Martin. Kapitaina, Camino doktorearen arabera 1581ean Magallaes itsasarterako espedizio batera bidalia. Espedizio honetan parte hartuko zuen, halaber, Soroa kapitainak; hau Brasilgo kostaldean hondoratu zen, beste 600 pertsonarekin batera.

ARTIETA, lñigo de (Lekeitio, XV. m). Almirantea. 1493ko urtean Boabdil, Granadako azken errege mairua, Afrikara eraman zuen ontzidia gidatu zuen. Colonen bigarren bidaiaren prestakuntzan parte hartu zuen, eta gero, Mediterraniora joan zen bere ontziekin. Turkiar eta berberiarren aurka borrokatu zen, baita frantsesen aurka ere 1495. urtean, Gaeta hiria setiatuz.

ASTEAZUINZARRA, Bernardo. Kapitaina. Brigantinetan eta itsas zabaleko nabigazioan zuen eskarmentu luzea zela eta, 1788an hots egin zioten Galiziako uretan arrantza sustatzeko ekimen batean parte hartzeko. Ekimen hau Koroak finantzatu zuen, eta partaidetza pribatua ere bazen bertan. Ekimenaren sustatzaile zuzenak Jerónimo de Hijosa enpresari gaztelaua eta Itsasoko Errege Komisario Antonio Sáñez Reguart izan ziren. Galiziako Arrantza Enpresa honen helburua urte osoan zehar ongi hornitutako kala berriak aurkitzea zen. Horretarako, sustatzaileek neurri ertaineko dozena-erdi bat ontzi eduki nahi zuten gutxienez, eskarmentu handiko arrantzalez osaturik gainera tripulazioak, aparailurik egokienez (tretzak eta kordeletak) probak egin zitzaten kostaldetik urruneko hondo birjinetan. Asteazuinzarrari, hasieran, euskal portuetan tripulatzaile espezializatuak eta ontzi egokiak bilatzeko lana eman zioten. Bilatze lan horrek atarramentu ona izango zuen Donibane Lohizune, Sokoa eta Donostian. Azken portu honetan, 30 tonako San Martín izeneko itsasontzia erosi zuten. Berehala aginduak eman zituzten ontzi hura, seguruenik tertzio-belaz hornitua -euskal trincado bat edo Bizkaiko Golkoko ketxemarin bat izango zen), egin beharko zuen lanerako prestatzeko eta Descubridor izena jartzeko. Arrantza-ikerkuntzarako Europako lehen itsasontzia izango zen. Asteazuinzarraren aginduen pean, lehen ikerkuntza-kanpaina 1789an egin zuten. Beste aurkikuntza batzuen artean, kala garrantzitsu bat aurkitu zuen Corrubedo lurmuturretik hamar milia mendebaldera eginez, egungo O Canto ezaguna alegia; hurrengo berrehun urtean izugarrizko ustiapena jasan du kalak, eta XX. mendearen amaiera aldean azkenera iritsi da hango produkzioa. [Testua: Juan Carlos Arbex].

ATOCHA, Gracia. Bere anaia Migel Ariztegietarekin batera merkataritza eta ontzigintzako jardueretan aritu zen. F. Serrano Mangasen arabera, "fabrikatzaile guztien estimua zuen emakumea zen" [SERRANO MANGAS, Fernando: Función y evolución del galeón en la Carrera de Indias, Ed. Mapfre, Madril, 1992, 104. or.]. 

AYALDE, Tomás de (Usurbil, ¿?-1836). Itsas-Armadako teniente jenerala, 1776. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Ingalaterraren aurkako ekintzetan parte hartu zuen (1780-82), Konbentzionalen aurka aritu zen Toulonen aldezpenean (1793) eta ingelesen aurka Cadizen aldezpenan (1798), 1805. urtean Finisterre eta Trafalgarren borrokatu zen, eta 1808.ean Cadizen, Rossillyren ontzitaldearen aurka. 1811. urtean, Cadiz defendatzen ari ziren gudalosteen agintea bere gain hartu zuen, baita 1820ko urtean, Habanako ontzitaldea eta gerrontzi-portua ere. 1825. urtean teniente jeneral izendatu zuten eta bi alditan Cadizeko Departamentua bere zuzendaritzapean eduki zuen. San Fernandon hil zen. Informazio gehiago.

AZKETA, Joan Florentín. F. de Azqueta ontzi-enpresa fundatu zuen 1887an. 1916 inguruan enpresa honek, seme-alaben eskuetan zegoen ordurako, hiru bapore zeuzkan, eta hauetako handiena 1.000 tonako Bazán izenekoa zen.

B

BARKAIZTEGI URBINA, Jose (Donostia, c.1756-1831). Caracasko Konpainian hasi zen itsasoko zerbitzuak eskaintzen, pilotu-mutil gisa, eta 1781ean teniente mailara heldu zen. Urte horretan Errege Armadara igaro zen. Tofiño brigadierraren aginduen pean, Azoreetako planoak egiten aritu zen. Geroago, hainbat operazio militarretan hartu zuen parte, eta baita korsuan ere. San Francisco de Asís ontziko komandante-teniente bigarren gisa, Trafalgarreko guduan izan zen. Hurrengo destinoa Ferrolgo departamentuko komandante bigarrenarena izan zuen. Independentzia Gerran zehar, oso jarduera bizia izan zuen Mediterraneoan izandako hainbat ontzi operaziotan. 1813tik 1816ra bitartean, Iparreko Itsas Tertzioetako komandante bigarren kargua izan zuen, eta 1822an Ferrolgo Armategiko komandante bigarren izatera igaro zen. 1825 inguruan San Hermenejildoren Ordenako gurutzea eta plaka eman zizkioten.

BARKAIZTEGI, Ventura (Donostia,?-1816). Armadako ofizial ospetsua. Alejandro Malaspinak hots egin zion munduaren inguruko espediziorako, baina Jose Mazarredo maior jeneralak eskaturik lehorrean geratu zen; izan ere, Mazarredok Barkaiztegi Guardamarina Akademian izatea behar zuen. Mazarredok balio handia ematen zion Barkaiztegiren prestakuntza zientifikoari, eta honek "edozein ontzi eramateko duen marinel sendotasun eta bizkortasunari"; eta arrazoi horiek zirela eta, Kubako ekialdeko kostalderako "ezkutuko espedizioaren" ardura eman zion, inguru hartan kartografi lanak egiteko eta baso baliabideak aztertzeko, hain zuzen. Santa Casilda pakebotearen aginduan, espedizio hau 1790 eta 1793 bitartean egin zuten. Jasan behar izan zituzten klima baldintza gogorrak zirela eta, tripulazioko gehienak gaixotu eta 9 gizon hil ziren. Handik urte gutxira hainbat misio militarretan aritu zen Filipinar Uharteetan eta Kantonen, eta hidrografi lanak ere egin zituen. Egin zuen ekintza nabarmenetako bat San Andrés ontziaren –"Acapulcoko ontzia"– tripulazioa salbatzeko operazioa izan zen, hau karga oso baliotsu batez 1798an hondoratu zenean. 1800ean Barkaiztegik Errege armadak Filipinetan zuen bilgune edo komandantziako agintea hartu zuen, ontzi-kapitain mailaz. Informazio gehiago.

BAREA, Ramón. 1895ean Kontxan probatutako itsas belozipedo baten asmatzailea.

BELEFONTE, Joan Pedro Cruz de (c.1738-?). Kapitain eta korsuko armadorea. Donostian bizi zen irlandar baten semea zen. 1762an korsu kanpaina bat egin zuen Bizkaiko Golkoan eta Ingalaterra eta Irlandako hegoaldean barrena. Kanpaina honi dagokionez, Belefontek berak eskuz idatzi eta oparo ilustratutako egunkari bat iritsi zaigu. Informazio gehiago.

BERGERET, Charles (Baiona, 1771-1857). Almiranteordea. Itsas-Armadan 1784. urtean sartu zen, baina 1786.ean utzi egin zuen merkatal itsasketan aritzeko. Atzera 1792.ean sartu zen. Ingelesen aurka borrokatu zen, Mantxako kanaletik zebiltzan merkatalontziak zigortuz, bere ontzia harrapatu zuten arte (1796). Bruixen esanetara egon zen Mediterranioan (1799) eta gero Bengalako Golkoan (1802). 1809. urtean Rocheforten gudalosteaz arduratu zen. Kontralmirante mailara igo zen 1819.ean eta almiranteorde izendatu zuten 1831n. Senadore 1853. urtean. Parisen hil zen.

BEROIZ, Antonio (Donostia, XVII.m.). Armadore kortsarioa eta merkataria, Frantzisko Beroizen semea. Enrique Otero historialariak honela laburtu zuen haren biografia: "1624 eta 1668 bitartean jardueraren bat mantendu zuen, armadore kortsario garrantzitsuenetako bat izan zen, eta interesak izan zituen, armadore nagusi gisa sarritan, 60 bat ontzi kortsariotan. Honi erantsi behar era guztietako jarduera komertzialak; halaz, une batzuetan etsai frantsesarekin tratuan aritzea leporatu zioten, eta 1640an Madrila bidali zuten, gatibu. Dena den, badirudi arazo honetatik inolako zigorrik gabe atera zela. Beraz, Donostiako hiribilduko merkatari handietako bat zen. Une batzuetan, gainera, Errege Armadari lagundu zion bere gerraontziez (Lapurdi 1637an inbaditzean esaterako, edo hurrengo urtean izan zen Hondarribiaren setioan zehar)" [OTERO, Enrique: “Los corsarios vascos en la Edad Moderna”, non: Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zk., Untzi Museoa, Donostia, 2006, 208. or.]. Informazio gehiago

BEROIZ, Frantzisko (Donostia, XVII.m.). Hainbat ontzi ekidatu zituen Errege Armadarako, kontratu bidez. Santa Ana galeoia, Kontxako badian Felipe III.aren eta honen alabaren aurrean uretaratua, Beroizen eta Martin Amezketaren jabetzakoa zen. Ekintza kortsarioetan parte hartu zuen, hainbat neurritako ontziak armatuz eta, zenbaitetan, seme zuen Antonio Beroizekiko elkarlanean jardunez. 1630ean Gipuzkoako probintziak korsu eta kostazain eskuadra bat eskaini zuenean, honetara indar nagusitzat arraun eta belazko sei ontzi aurkeztu zituen; hauetako handienek 30 arraun eta artilleriako zortzi pieza zeuzkaten. Donostian epaile gisa aritu zen 1614an, eta alkate gisa, berriz, 1629 eta 1638an. Informazio gehiago

BERTENDONA, Martín de (Bilbo, 1530-1601). Itsas-Armadako jenerala. Flandesko gerrateen garaian, zenbait ekintzetan parte hartu zuen. Middelburgen aldeko sorospenean ihardun zuen (1574). Itsas-Armada Garaitezinarekin Levanteko ontzitaldea bere agindupean eduki zuen (1588), eta gero Bizkaikoa, A Coruñaren aldezpenean (1589). 1591. urtean, ingeles ontzitalde baten aurka aritu zen borrokan Azore irletan, azkenik hura garaitzea lortu zuelarik. Beranduago, ontzitalde arin baten laguntzaz, bere ardurapean eduki zuen Penintsula eta Frantziako Bretainiaren arteko komunikazioak gauzatu zitezela ahalegintzea eta Ingalaterra eta Holandako konboiei eraso egitea. Ondoren, Ozeanoko ontzitaldea eduki zuen bere agindupean.

BODEGA Y QUADRA, Juan Francisco de la (Lima, 1743-1794). Esploratzailea. Bere familia Somorrostrokoa zuen. ltsas-Armadan 1762. urtean sartu zen. Iparramerika mendebaldeko kostaldea ikertu zuten bi espediziotan (1775 eta 1779) zuzendari lanetan ihardun zuen, Alaskako lurretaraino ere iritsiz. Bere bidaien eta aurkikuntzen deskribapen bat utzi zuen idatzita. 1789. urtean San Blas Kaliforniako portuko komandante izendatu zuten, eta bertan hil zen. Informazio gehiago. 

BONECHEA, Domingo de (Getaria, 1711-1775). Esploratzailea. 1772. urtean Callaotik irten zen fragata batekin, Oteheite (Tahiti) irla benetan ba ote zen ziur jakiteko. Bidean Sozietate eta Tuamotu artxipielagoetako beste irla batzuk aztertu eta ikertu zituen. Bere helburua lortu ondoren, Valparaisora itzuli zen. 1774eko urtean beste espedizio batekin irten zen. Oteheiten kokaleku bat ezartzeko asmoz, baina irlara iritsi eta handik gutxira, hil egin zen. Informazio gehiago.

BREOGÁN ZARRAGA, Joan. Felipe IV.aren garaian jarduera kortsarioan hasitako lehen armadoretako bat izan zen. 1624an 200 tonako ontzi bat, bi patatx eta bisigutarako pinaza bat armatu zituen, eta sei ontzi holandar harrapatu eta beste bi hondoratu zituen; abordatze ekintza batean, patatx txikiena galdu zuen. Gipuzkoako probintziako diputatu nagusi eta Donostiako alkate izan zen, eta itsasoko jendea soldadu altxatzen hartu zuen parte 1608tik 1623a arte. Informazio gehiago.

BRUIX, Etienne-Eustache (Fort-Dauphin, Haiti, 1759-I805). Almirantea. Bere aita Baionakoa zen. Itsas-Armadan 1778. urtean sartu zen, eta EE.BB.etako Independentzia gerratearen garaian ingelesen aurka Kariben burututako ekintzetan (1778-82) eskuhartze zuzena izan zuen. Haitiko kostaldean lan hidrografikoak egin zituen (1784-88). Kontsulaldian Itsas ministrari izan zen (1798-99) eta almiranteorde izatera ere iritsi zen. Italiako kanpainak iraun zuen bitartean (1799), berak zuzendu zituen Mediterranioko ekintzak. 1801.ean almirante izendaturik, Rocheforren ontzitaldea gidatu zuen, gero Boulogneren ontzi taldetxoa (1803-04), eta ondoren, Ozeanoko kostaldeko Ikuskaritza Nagusia (1804-05), azkenik Parisen hil zelarik.

C

CÁMARA ARANBURU, Manuel (?-1910). Izen bereko ontzi-enpresa fundatu zuen XIX. mendearen azken herenean. 1910ean hil zelarik, enpresaren jarduera mantendu egin zen Viuda y Sobrinos de Manuel Cámara izenaz. 1915ean hiru ontzi zeuzkan; hauetako handiena 2.000 tonako Manuel Cámara zen.

CAMINO, Migel Santos de. J. Antonio de Caminoren aita. Serapio Mugicaren arabera, "itsaso eta gerrako kapitaina izan zen, maila handikoa gainera Amerikako kostaldeetan eskaini zituen zerbitzuengatik eta utzi zituen azterketa eta eskuizkribu interesgarriengatik"[ MÚGICA, Serapio: “Provincia de Guipúzcoa”, non: CARRERAS CANDI, F. (zuz.): Geografía del País Vasco-Navarro,Establecimiento de Alberto Martín, Bartzelona, c. 1922, 725. or.].

CAMPANARIO. Ikusi Pedro Agirre.

CARDEL, Martin. Kapitain eta armadorea. Frantziaren aurkako korsu gerran parte hartu zuen (1552-1555).

CARRIL, Luis (Donostia, 1847-1892). Donostiako portuan jaiotako arrantzalea. "Torrekua" goitizenez zen ezagutua portuko Kontsulatuko dorretxean (egun Untzi  Museoa dena) bizi zelako. Donostiako traineruaren patroia gisa ospea lortu zuen. Kontxan irabazi zuen 1889an, baina garaipenik handiena 1890eko estropada mitikoan Ondarroaren kontra lortutakoa izan zuen. Honek izugarrizko poza eragin zuen Donostian. 1892an, Bermeo parean arrantzan ari zirela, Elcano izena zeraman Carrilen trainerua hondoratu egin zen, eta bertan ito ziren Carril bera eta zortzi tripulatzaile; 1890eko estropadako protagonista izandako batzuk zeuden tartean. Informazio gehiago.

CHURRUCA Y ELORZA, Cosme Damián (Mutriku, 1761-1805). Itsas-Armadako zientzilari eta brigadierra. 1776. urtean ltsas-Armadan sartu zen. Gibraltarren setiaketan parte hartu zuen (1781-82). Matematika, mekanika eta astronomia irakatsi zuen Ferroleko itsas-zainen konpainian. Antonio de Cordovak MagaIlaes itsasartera egindako espedizioari batu zitzaion. Itzulitakoan, San Fernando Behatokira joan zen. Beranduago, lparramerikako itsas-atlasa berritzeko antolatutako espedizioa gidatu zuen (1792-94). Antillak eta Haizebeko irletako itsas-mapak eginez. Mazarredoren ontzidian ere ibili zen. 1802. urtean Mutrikura itzuli zen, eta denboraldi batez alkate izan zen bertan. Bere ikerkuntzei buruzko zenbait lan argitaratu zituen, 1805. urtean Ingalaterraren aurkako gerra hasi zenean, San Juan Nepomuceno izeneko ontzia gidatzen zuen, zeina Espainia eta Frantziako itsas-armadari elkartu baitzitzaion. Martinikako kanpaina burutu eta Trafalgarreko gudan izan zen, bertan kainoi-bala batek jota hil zelarik (1805-X-21). Informazio gehiago.

CHURRUCA, Alejandro (Mutriku, 1833-1913). Almiranteordea. ltsas-Armadan 1846. urtean sartu zen Europa, Asia eta Amerikako itsasoetan ibili zen. Kantonamenduen iraultzan (1873-74) Vitoria fragata gidatu zuen matxinatuen aurka. Nerbioiko Ontzitegietako zuzendari teknikoa, Cadizeko Departamentuko kapitain jenerala eta Gerra eta Itsasketa Goreneko kontseilaria izan zen. 1894. urtean kontralmirante et 1898an almiranteorde izendatu zuten.

ZIGANDA LAFUENTE, Julio. Arrantzako armadorea, XX. mendeko bigarren hamarkadaz geroztik aritua. 1919an eratutako Muelles y Almacenes para Vapores de Pesca de Pasajes sozietate anonimoaren bultzatzaileetakoa izan zen. 1922an parte hartuko zuen Donostiako Armadore eta Arrain Esportatzaileen Elkartearen fundazioan; elkarte honek arrainaren salmenta eta esportazioan ziharduen. Lantegi batzuk jarri zituen Pasaian, eta hauetan hainbat motatako makineria egin zuten 20 eta 30eko urteetan zehar, hala nola: ontzietarako makinak, izotz-birringailuak, arrasteko sarearen troilak, ekipo elektrogenoak, etab.

ZIRITZA, Agustin. Ikusi Pedro Ziritza.

ZIRITZA, Pedro. 1914an fundatutako P. Ciriza y Cía armadore-enpresaren bazkide nagusia. Arrasteko arrantzan ari zen enpresa honetan parte hartuko zuen, halaber, anaia zuen Agustin Ziritzak. Bi hauek itsas zabaleko arrantzari lotutako ibilbide profesionalean abiatuko ziren, eta Ziritza familiako beste kide batzuk ere sartuko ziren horretan, hala nola Agustinen emazte Marcelina Alarcia edo bion seme Migel Ziritza Alarcia, esaterako.

ZIRITZA ALARCIA, Migel. Ikusi Pedro Ziritza.

CRUZAT, Migel (?-c.1615). Lepantoko guduan hartu zuen parte; han preso altxatu zuten. Frantzisko anaiak 8.000 dukat ordaindu zituen, hura askatzearren. San Joanen zaldun eta Untzarateko priore (Nafarroa) izan zen.

D

D'ALBARADE, Jean (Miarritze, 1743-1819). Kortsaria eta kontralmirantea. Oso gaztetatik, ingelesen aurka borroka egiten zuten Baiona eta Donibane Lohitzuneko zenbait kortsari-ontzitan ibili zen itsasoz itsaso. 1780. urtean Aigle izeneko kortsari-ontzi bretoiaren aginteaz jabetu zen, baita berarekin 16 harrapaketa egin ere. Beranduago Erregearen ltsas-Armadan sartu zen. Iraultzaren ostean ltsas ministrari izendatu zuten (1793-94), eta gero, Itsasketa eta Kolonietakoa (1794-95). Gobernua utzi ondoren, kontralmirante mailara igo zen.

DIUSTEGI, Agustin (c.1617-1670). 1631n, 14 bat urte zituela, aitarekin zihoan, Pedro Diustegi kapitainarekin alegia, frantsesek preso hartu zuten patatx kortsario batean. Diustegi kapitaina erail egin zuten, eta tripulazioa galeretara bidali zuten, zigor gisa. Agustinek, ontzi kortsarioko kapilauarekin eta zirujauarekin batera, ihes egitea lortu zuen. Enrique Oterok kontatzen duenez, "1653an dagoeneko korsuko armadorea zen, eta urte batzuk geroago ontzi bat bidali zuen Ternuko arrantzaldietara. Ongi ezagutzen ez ditugun merituak tarteko, Santiagoren Ordenako zaldun izendatu zuten; horixe zen XVII. mendeko aitoren seme batek lor zezakeen golardorik handienetako bat. Alabaina, Amerikan egin zuen lana ez zen oso loriatzeko modukoa izan, eta 1668an Espainiara itzuli zen, Veracruzetik, Zilarretarako Ontzidiaren jeneral gisa; hau ere kargu garrantzitsua zen"[ OTERO, Enrique: “Los corsarios vascos en la Edad Moderna”, non: Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zk., Untzi Museoa, Donostia, 2006, 208. or.]. Informazio gehiago.

DIUSTEGI, Pedro. Ozeanoko Armadan zerbitzatu zuen kapitana eta almiranta ontzietako kontramaisu gisa, eta gero urka bateko itsasoko kapitain izatera igaro zen. 1631n Santiago ontziaren aginduan atera zen; ontzi hau korsurako zegoen berariaz ekidatuta, eta artilleria sendoko zortzi pieza, bi trabuko, sei harri-kanoi, berrogeita hamar moskete, 11 arkabuz eta 130 gizon zeuzkan. Horren bidez ontzi holandar bat harrapatu zuen, 20 kanoiko bat, nahiz gero kostazain frantsesek atzera kendu zioten. Ontzi berarekin bi urka holandar atzeman zituen, baina Frantziako erregearen hiru ontziren jazarpena jasan behar izan zuen. Borroka honetan 19 gizon hil ziren, eta abordatu zutenean frantsesek hainbat tripulatzaile eta Diustegi bera hil zituzten; honek heriotza krudela izan omen zuen (garai hartako lekukotasunen arabera, "milaka irain esan zizkioten, eta aizkora batez hiru kolpe eman zizkioten buruan, eta labankada asko"). Fadrique de Toledok, Atlantikoko ontzidiaren kapitain jenerala bera, "Armadan izandako itsas gizonik onenetakoa eta marinel akasgabea" zela esan zuen Diustegi kapitainari buruz [OTERO, Enrique: Los corsarios españoles durante la decadencia de los Austrias, Ministerio de Defensa, Madril, 1999, 426. or.]. Informazio gehiago

DUBORDIEU, Bernard (Baiona, 1773-1811). ltsasontziko kapitaina. Lehenik, merkatalontzietan ibili zen, eta 1792. urtean sartu zen ltsas-Armadan. Ingelesen aurka aritu zen borrokan Toulongo setiaketan (1793), Egipton (1799), Antilla Irletan (1803-04),...1808.ean itsasontziko kapitain gradura iritsi zen. 1810. urtean itsas-gudari talde baten agintea hartu zuen bere gain Adriatikoan, eta honen buruzagitzan zegoelarik hil zen Lissako gerratean (1811-III-13).

DULER, Julien-Joseph (Baiona, 1737-1775). Kortsaria. 12 urte besterik ez zituela, Karibe Itsasoan guduan ibilitako kortsari-ontzi batean sartu zen. Beranduago beste ontzi batzuetan ere ibili zen, eta Zazpi Urteko Gerran (1756-63) Victoire ontzia gidatu zuen Ingalaterrako kostaldean arrakasta lortuz. Antillako zenbait irlatan ere ibili zen eta bertako kostaldearen planoak egin zituen; Amazonas ibaia arakatu zuen; Europa, Amerika eta Afrikako itsasoetan ibili zen. Portuko kapitain izendatu zuten Cayennan eta gero Rocherforten, bertan hil zelarik.

E

ELKANO, Juan Sebastián de (Getaria, 1487-1526). ltsasgizona. Beste batzuk 1476. urtean jaio zela diote. Gaztetan arrantza-ontzietan ibili zen. 1509. urtean, Oran konkistatu zuen Cisneros kardenalaren espedizioarekin bat egin zuen, eta gero, Gonzalo Fernández de Córdobak Italian burututakoarekin. 1519ko urtean, Magallaesek Ekialdeko Indietara egindako espedizioan sartu zen, Filipinetara 1521. urtean iritsi ziren, eta bertan hil zen Magallaes, bertakoen eskutan. Espedizioa Moluka Irletaruntz zihoan bitartean, agintean buruzagi desberdinak txandakatu ziren. Elkanok eta Victoria bere itsasontziak, Esperantza Oneko Lurmuturraren bidetik jarraitu behar zutela erabaki zuten han, gainerakoak Panamara itzuliz. Elkano bere ontziarekin, lehenengo aldiz historian munduari bira ematea lortu ondoren, Sanlucar de Barramedara iritsi zen (1522-IX-6). 1525.ean Loaysaren espedizioan sartu zen, berriro ere Moluka lrletaruntz, baina Ozeano Barean zihoala hil zen eskorbutu gaitzak jota. Informazio gehiago.

ERAUSO, Joan (Donostia, XVI. m.). Kortsarioa. Itsaso eta gerrako kapitaina eta armadorea. Katalina Erausoren osaba. Oso protagonismo handia izan zuen frantsesen aurka 1522 eta 1555 bitartean Ternuan izandako kortsario borrokan. Azken urte honetan Ternurantz itsasoratu zen, 400 upeleko ontzi zeharo armatu batez eta 300 gizonez. Bakailaoz kargatutako bi ontzi frantses bahitu eta Ternura eraman ondoren, Joanes Lizarraren -hau ere donostiarra zen- eta Migel Iturainen ontziekin bat egin eta uharteko hainbat porturi egin zioten eraso, borroka latzak eraginez inolaz ere. Espedizio odoltsu horren emaitza arrain-karga eta guzti harrapatutako 14 ontzi izan ziren. Indietako Ibiliko almirante izan zen, eta Santiagoren intsignia lortu zuen. Informazio gehiago

ESKORTZA, Frantzisko. Kortsario ausarta, Iparreko Errege Eskuadraren kapitain gisa Frantzia eta Holandako 100 ontzi baino gehiago harrapatu zituena. 1634an merkantzia-ontzidi holandar bateko kapitana hondoratu zuen. 1636an, arraun-itsasontzi batez atera zen Pasaiatik, eta hiru irteeratan etsaiaren 11 ontzi hartu zituen. Getariako itsas guduan izan zen, 1638an, eta bertan saiatu egin zen Nuestra Señora de la Concepción galeoiaren kontra jo nahi zuen brulot frantses bat bere txalupetako batez desbideratzen. Borroka horretan buruan zauritu zuen ezpal batek, eta hilda zegoela uste izan zuten. Benetako heriotza, aldiz, geroago helduko zitzaion, ontzi holandar baten aurkako borrokan. Informazio gehiago

ETXAGUE BARBERIA, Ramon. Armadako ofiziala; Mazarredoren aginduen pean aritu zen 1770ean. 1804an Itsas Tertzioetako teniente izendatu zuten. San Agustín ontzian alferiz gisa ontziratu zen, eta Trafalgarreko borrokan zendu zen 1805ean. José Cayuela historialariak honela kontatu zituen San Agustínek borrokan izandako gorabeherak: "Leviathanek San Agustín harrapatu zuen arratsaldeko hirurak laurden gutxi inguruan. Cagigal komandantearen ontzia izan zen Abangoardia desegin hartatik Franko-espainiarraren Erdialde suntsituari taktika askorik gabe eta adore handiz laguntzen saiatu ziren gutxietako bat. Hasiera batean bazirudien San Agustínek lortua zuela Leviathanen kontrako borroka orekatzea, hondamendi handia eragin zuen eta honetako jendearen artean. Trinidad ontziaren brankatik oso yarda gutxira zeuden. Baina Cisnerosen ontzia garaitu zutenean, San Agustínen txanda iritsi zen, erretagoardiatik egin baitzion eraso Neptune ingelesak. Hiru zubiko ontzi bien aurkako borrokan su erdian zegoela, San Agustínen erresistentziak izugarrizko sarraskia izan zuen atarramentu. Arratsaldeko hiru eta erdietatik laurak eta laurden bitartean hil ziren Ramon Etxague eta Agustin Monzon ontzi-tenienteak ontzi-bizkarreko istriborreko aldean, ontziaren aurkako bigarren abordatze ahalegina eragotzi nahi zutelarik. Ontziari eraso egin zioten, ostean, arratsaldeko lau eta erdietatik aurrera, 80na kanoiko bi ontzi britainiarrek, Minotaur eta Spartiatek gure ustez. San Agustínek ezin izan zion eraso izugarri hari aurre egin, eta britainiarren aurrean amore eman zuen arratsaldeko bost eta erdiak inguruan, hau da, ez zion kanoiak astintzeari laga batailaren amaiera arte. Egin zuen defentsa lanak kostu itzela izan zuen, 180 gizon hil eta 200 zauritu baitzituzten"] CAYUELA, José: “Los marinos vascos en Trafalgar”, non: Itsas Memoria. Revista de Estudios Marítimos del País Vasco, 5. zk., Untzi Museoa, Donostia, 2006, 427-428. orr.].

ETXAIDE, Joan. Marinela, XVII. mendean Ternuan portu bat aurkitu eta bere izena jarri ziona, Echaide-portu alegia. Gertakari honen okerreko interpretazio baten eraginez, kolonaurreko garaian (XIV. mendea) Ternua deskubritu izana atxiki zion zenbaitek. 1866az geroztik, Donostiako kale batek haren izena du. Probintziako Jauregi zaharrean, 1885eko sute batean suntsituta geratu zen, baziren Etxaidek egin Ternuaren deskubrimenduari buruzko hainbat horma-irudi.

ETXAZARRETA, Migel. Ikusi Etxezarreta.

ETXEBARRIA, Sebastian. Bere galeoi batez Felipe V.aren armadetan zerbitzatu zuen. Geroago, Ekialdeko Indietako gobernadore eta kapitain jenerala izan zen.

ETXEBERRI, Domingo. Gipuzkoako ontzigintza eta plantatzeen superintendente edo benaitari nagusia. Amerikarekiko merkataritzari eta ontzigintzari lotutako leinu boteretsu eta indar handiko bateko lehena izan zen. Fernando Serrano Mangasek dioenez, familia multzo honetako kide guztiak "jakinduria zabal-zabalekoak" izan ziren, ontziei zegokienez [SERRANO MANGAS, Fernando: Los galeones de la Carrera de Indias, 1650-1700, Escuela de Estudios Hispano-Americanos de Sevilla, Sevilla, 1985, 21. or., 11. oharra.]. Domingo Etxeberri Donostiako artile-administratzailea ere izan zen 1626an. Informazio gehiago

ETXEBERRI ROBER, Hiazinto Antonio (Donostia, 1625-1673). Domingo Etxeberriren semea. Indietako Ontzidietako jeneral gisa, bidaia ugari egin zuen Atlantikoan barrena. Gainera, lehen mailako aditua zen ontzigintzan. Jose Beitia Linaje tratatu-idazleak, Norte de la Contratación de las Indias Occidentales (1672) lanaren egileak, arlo horretan Espainia osoan zegoen espezialistarik onentzat zeukan. Informazio gehiago

ETXEBERRl ROBER, Joan (Donostia, 1609-1662). Domingo Etxeberriren oinordekoa. Indietako galeoi eta ontzidietako jenerala izan zen. Armadaren zerbitzupean aritu zen 32 urtez, eta bere lanbidean "trebe, ausart eta antolatzaile on" ospea laga zuen, Jose Garmendia Arruabarrena historialariak dioskunaren arabera (GARMENDIA ARRUABARRENA, Jose: “El almirante donostiarra Juan de Echeverri, marqués de Villarrubia”, non: Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 24. zk., Donostia, 1990, 572. or.]. Hogeita Hamar Urteko Gerran zehar, holandarren eta frantsesen kontra borrokatu zen. Zenbaitetan, Indietako Ibiliaren zaintzarako eskuadraren agintea izan zuen, eta kortsario, itsaslapur eta filibusteroei aurre egin behar izan zien Antilletan. 1652an, Arroxelako setioan zehar eskuadra frantsesa garaitu zuen Dunkerkeko eskuadrako dibisioetako baten agintea izan zuen. Hauez ostean, Instrucciones para la navegación y el combate eta Discurso sobre el estado de la Marina en España y Relación del dinero empleado en Tierra Nueva lanak idatzi zituen. Calatravako zaldun intsignia eta Villarrubiako markes eta Villalcázar de Sirgako konde tituluak jaso zituen. Familiarentzako kapera bat fundatu zuen San Telmon. Informazio gehiago.

ETXEBERRl ROBER, Joan Domingo de (Donostia, 1622-?). Domingo Etxeberriren semea. Indietako Ontzidietako jenerala. Serrano Mangasen iritziz, "bere garaiko Espainian sona handieneko pertsonaia" izan zen ontzi kontuetan [SERRANO MANGAS, Fernando: Los galeones de la Carrera de Indias, 1650-1700, Escuela de Estudios Hispano-Americanos de Sevilla, Sevilla, 1985, 21. or., 11. oharra]. Informazio gehiago

ETXEZARRETA, Migel. Donostiako parrokietako primako kleriko eta benefizioduna, bere eliz benefizio horri uko eginez 1596an Errege Armadan sartu eta Pasaian Pedro Zubiaur jeneralaren aginduen pean jarri zena. Ingeles eta holandarren aurka borrokatu zen, eta zuzenean hartu zuen parte etsaiaren ontziak abordatzeko hainbat ekintzatan. Indietako Ibilian zerbitzua eskaini zuen, eta jeneral mailara iritsi zen. Indietako Ontzidietako agintarien arteko ohiko bideari jarraiki, Erregeri eskaini zerbitzua negozio pertsonalarekin bateratu nahi izaten baitzuten, Etxezarretak onura ekonomiko handiak lortu zituen bere jardueran, eta 1630ean 22.000 dukateko kopurua eskaini zion Koroari, mailegu gisa, urte horretan Armadak behar zituen prestakuntzetarako. Santiagoko Zaldunaren intsignia lortu zuen. Errege mesede hau irmo eman ziezaioten, Etxezarretaren prestutasuna egiaztatzeko agertu ziren lekukoetako batek adierazi zuen hark "puntual, ondradu eta oso ausart ospea" zuela, eta "tratuan ere gizon" jokatzen zuela [TELLECHEA IDÍGORAS J. Ignacio: Santiaguistas guipuzcoanos, Dr. Camino de Historia donostiarra Institutua, Kutxa Fundazioa, Donostia, 2005, 93. or.].

F

FERRER CAFRANGA, José Joaquín de (Pasaia, 1763-1818). Astronomo eta geografoa. Caracaseko Erret Konpainiaren ontzi batean zihoalarik, ontzi ingeles batzuk preso hartu eta lngalaterrara eraman zuten. Aske utzi ondoren, geografia eta matematikazko ikasketak bertan burutu zituen. Gero, Suitzara joan eta astronomian espezializatu zen. Berriro itsasoraru eta bidaia ugari egin zituen Amerika osoan zehar, kostaldeak aztertuz eta geografiazko gorabeherak finkatuz. 1801.ean Filadelfiako Sozietate Filosofikoan sartu zen. 1813an Europara itzuli eta bere ezagupenak aberastu egin zituen Greenwicheko behatokian. 1814. urtean Frantziako Institutu Nazionalean sartu zen. EuskaIerriaren Adiskideen Elkarteko eta Historiaren Akademiako kide izan zen. Bere ikerkuntzei buruzko gutunak trukatzen zituen Laplace, Humboldt eta beste zientzilari batzuekin, eta geografia eta astronomiari buruz zenbait lan argiraratu ere egin zuen. Informazio gehiago

G

GALDOS UZKANGA, Manuel (Donostia, 1909-1974). Merkantzia-ontzietako kapitain. Gerra zibila lehertu zenean, PYSBEren Mistral bakailao-ontziko lehen ofiziala zen. Gijongo Agrupación Náutica-n zegoen afiliatuta; hau, geroago, UGT sindikatuan sartu zen. Ontzia militarizatu egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Euzkadiko Gudontzidian sartu, Gipuzkoa izenaz, Armada Errepublikarrari laguntzeko. Galdos bou artillatu honetako komandante izendatu zuten. Oso lan handia egin zuen kosta zaintzeko eta arrantza eta itsas trafikoa babesteko misioetan. Bere artilleria apalaz Velasco destruktoreari (1936-11-15) eta Matxitxakon Canarias gurutze-ontziari (1937-3-5) egin zien aurre. Canarias ontziarekiko borrokan –hauxe zen altxatutako indarren ontzi indartsuena– Gipuzkoa bouak tiroak hartu zituen txopako kanoian eta aginte-zubian, eta 5 hildako eta 12 zauritu izan zituen; Canarias ontzian, aldiz, hildako bat eta zauritu bat izan ziren. Ontzia sutan zuela, Galdosek berak, zaurituta bazegoen ere, txopako lema hartu eta Portugaleteraino iritsi zen. Juan Pardo San Gilek dioenez, "1937ko ekainean José Luis Díez destruktore errepublikarreko komisario politiko izendatu zuten Galdos, eta haretxekin parte hartu zuen geroago Bilbotik eta Portugaletetik abiatutako operazioetan. Abuztuan Ontzi Erreserbako korbeta-kapitain egin zuten. Ontzia Falmouth-en babestu zenean lehorreratu egin zen (1937-9-14). Bigarren Mundu Gerran Panamako Heron baporea gidatu zuen, Ozeano Barean aliatuentzako armak garraiatuz eta. Geroago Panamako banderapean itsasontziak gidatzen jarraitu zuen Asia hego-ekialdeko uretan, Indotxinan, Formosan, Indonesian eta inguru haietan hain gatazkatsuak izan ziren garaietan, gorabehera bat baino gehiago ere fortunatu zitzaiola" [PARDO SAN GIL, Juan: Euzkadiko Gudontzidia. La Marina de Guerra Auxiliar de Euzkadi (1936-39), Untzi Museoa, Donostia, 1998, 177. or., 202. or.]. Irunen zendu zen. Informazio gehiago.

GARAGARTZA, Domingo. Oso eginkizun nabarmena bete zuen 1528an San Migeleko itsas guduan (Azoreak), bere Juana ontziaz Strozziren kapitana frantsesa abordatu baitzuen.

GARAI, Blasco de (Garai?, g.g.b.1510- g.g.b.1552). Ingeniaria. Bere bizitzaz ia ez dugu berririk, ezta bere jaiotza edo heriotzaz ere. ltsas-Armadako kapitaina zen Karlos I erregeari 1539an zenbait proiektu aurkeztu zizkionean, horien artean arraunen laguntzarik gabe ontziak mugiarazteko asmakuntza bat zegoen. Erregeak zenbait laguntza eman eta honek Malagan ekin zion bere lanari. Frogak Bartzelonan egin ziren 1543. urtean, eta beranduago lurrinezko lehen ontziek erabilitako gurpilen antzekoak erabiliz ontzi bat mugiaraztea lortu zuen. Nahiz zenbaiten ustez irakiten ari zen ur-galdara bat erabili gurpilak mugitzeko –eta beraz, lurrin bidezko lokomozioa asmatu– badirudi 50 gizonen besoez baliatu zela gurpil bakoitza mugitzeko. Idea horrek ez zuen babesik jaso eta zoritxarrez planoak desegin egin ziren Napoleonen erasoaldian.

GARBUNO ARIZMENDI, Cesárea (¿?-1933). 'Londaizen alarguna' izenaz ezagutzen zuten enpresa munduan. Hura bezala donostiarra zen Luciano Mercader Minondorekin batera, 1883an L.Mercader y Vda. de Londaiz konpainia sortu zuen, petrolioaren negozioan aritzeko –"petrolioaren eta beste edozein olio mineralen erosketa, fintzea, bidalketa eta salmenta"–. Enpresak petrolio-findegi bat instalatu zuen Molinaon (Pasai Antxo), eta hainbat ontzi propio eduki zituen, Estatu Batuetatik petrolio gordina garraiatzeko. 1893an dagoeneko bazuen San Ignacio de Loyola ontzia, burdinazko kroskoa zeukan brigantin-goleta bera. Honek oso amaiera tragikoa izan zuen, 1912an Atlantikoan desagertu baitzen bere 13 tripulatzaileez. 1914an Luciano Mercader hil zelarik, konpainiak Vda. de Londaiz y sobrinos de L. Mercader izena hartu zuen. Oraindik ere lanean dihardu.

GARDOQUI Y JARABElTIA, José de (Bilbo, 1761-1816). Ontzitalde burua. 1775. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Algerreko kanpainan (1775) eta Gibraltarren setiaketan (1782) egon zen. Magallaes itsasartera egindako bi espedizioetan parte hartu zuen (1785 eta 1788). Cadizeko aldezpenean ere eskuhartu zuen (1797-98). Brigadier mailara goratu zuten, Trafalgarreko gerratean izan zuen partaidetzaren ondorioz.1808ko urtean, Cadizen Rosillyren ontzi-taIdea errendatzera behartu zuen kainotegietako bat bere agindutara eduki zuen. 1810.ean Habanako armategi buru izendatu zuten, eta 1813an Filipinetako kapitain jeneral, buruzagi politiko eta Itsas komandante jeneral. 1814. urtean ontzitalde buru izatera iritsi zen. Manilan hil zen. Informazio gehiago.

GARRO, Migel. Altzakoa izatez. Lope de Isastik honela aurkeztu zuen bere Compendio Historial lanean: "Erregeren kapitaina, ausarta, Erregeren zerbitzuan balentria handiak egina, batez ere Espainiako Galeren kapitain nagusi Bernardino Mendozak Caramai turkiarraren kontra izandako borrokan, hau ontzidi sendo batez zihoalarik guztia arpilatuz Gibraltarrerantz; turkiarra, 1540an, garaitu eta preso eraman zuten".

GARTZIA GALAN, Frantzisko. 1640an "lau fragata eta ontzi luze batez" osatutako eskuadra bat eskaini zion Koroari, bere jendeaz tripulatua eta bera izango zelarik komandante, Amerikako uretan kortsario gisa aritzeko.

GAZTAÑETA E ITURRIBALZAGA, Antonio de (Mutriku, 1656-1728). Almirantea eta itsasontzi arkitektoa. Oso gazte hasi zen itsasketan, eta bere aitarekin hasi zen ontziak gidatzen. Atlantiar Ozeano guztian makina bat bidaia egin ondoren, Ozeanoko ltsas-Armadan sartu zen pilotu nagusi bezala. Bere postu horretatik, 1701 urte bitarteko itsas-armada guztien itsabideak gidatu zituen, eta bere abildadearekin, ontzitalde bat baino gehiago atera zuen estualdi larrietatik. Epe horretan errege-ontziko itsas eta lehorreko kapitain mailara igo zen, Mediterranioan barrena ibili zen eta almirante gradua lortu zuen. 1702. urtean Kantauriko ontzitegietako arduradun nagusi izendatu zuten, eta berak pertsonalki zuzendu zuen itsasontzi ugariren eraikuntza, baita horretarako arauak eman ere. 1718an Espainiako ontzidiaren agintea bere gain hartu zue Siziliarako espedizioan, baina ontzitalde ingelesak ustekabean eraso egin eta garaitua izan zen Pessaron. 1727. urtean bere arrakastarik sonatuena Iortu zuen Penintsulara lndietako altxorra zekarren ontzitaldearekin iritsi zenean, ingelesen hesia gainditu ondoren. Itsasketa eta ontzigintzari buruzko zenbait lan utzi zituen idatzita. Itsasontzien arkitekturan honek utzitako arrastoa XVIII. mendearen barrena luzatu zen, eta ingelesek eta holandarrek kopiatu egin zituzten bere egiturazko zenbait elementu. Informazio gehiago.

GILISASTI, Joan Fermin (c.1705-?). Donostian jaio zen, baina arbasoak usurbildarrak zituen. Oso tradizio luze batez ainguren fabrikazioan ari zen familia batekoa zen. Joan Fermin Aian finkatu zen (Arrazubiako forjak eta burdinolak), eta beste Gilisastitar batzuk, ainguragileak hauek ere, Usurbil eta Hernanin arituko ziren. 1730-31 inguruan Holandan egon zen, Caracasko Konpainiak bidalita dirudienez, eta han aukera izan zuen aingura handien fabrikazioan erabiltzen zituzten tekniken berri eskuratzeko. Gilisastik Holandako soldadura sistemak egokitu egin zituen teknika tradizionaletara, eta Somorrostroko burdinaren ezaugarri egokiak baliatuta oso neurri eta kalitate handiko aingurak egitea lortu zuen; aingura hauek zerbitzatu zizkion Armadari 1738tik aurrera. Aurrerapen teknologiko honen ildotik, Gipuzkoako ainguragintzaren sektoreak oso hazkunde handia izan zuen, eta bere produkzioaren zati bat Frantzia, Portugal eta Ingalaterrara esportatu zuen. Informazio gehiago.

GOIKOA, Jose Manuel (?-1804). Armadako ofizial gisa, 1788-89an Antonio de Córdobaren agindupean Magallaes itsasartera egindako espedizioan izan zen. Fragata-kapitain izendatu zuten 1796an, eta Cádizko badiaren defentsan parte hartu zuen, 1797an ingelesen erasoa izan zenean. Fragata-kapitain mailaz, 1802an Mercedes fragata eskuratu zuen, eta El Callao (Peru) portura bidali zuten, diru kantitate handi bat jasotzera. Handik itzultzeko bidaian beste hiru fragatarekin batera eskuadran zetorrela, ingelesek eraso egin zioten Santa Maria lurmuturrean. Borroka horretan Goikoaren fragatako santabarbara lehertu, eta Goikoa bera eta tripulazioko gehienak hil ziren.

GOIKOETXEA, Jose Lorentzo (Donostia, ?-1800). Historial bikaineko marinela, Caracasko Konpainiaren eta Armadaren zerbitzuan arma-ekintza askotan parte hartu zuena. 1756an bere lehen esperientzia izango zuen kabotajeko nabigazioan, eta hurrengo urtean hasi zen Nantesen nautika eta matematika ikasten. Martinikarantz ontziratu zen, 1759an, korsuan armatutako fragata batez eta merkantziaz, eta hainbat borroka izan zituen ontzi ingelesen kontra. 1760an Caracasko Konpainiaren kadete izendatu zuten, eta enpresa horretan segituko zuen 17 urtez; jarduera horretan zehar, nabarmendu egingo zen Venezuelako kostazainetan egindakoaz, oso ekintza arrakastatsuak burutu zituen eta kontrabandista holandarren eta ingelesen kontra. Eleberrietarako moduko pasadizoz betetako ekintza hauengatik kapitain izendatu zuten 1773an. Konpainiaren ontzien agintea zuela, joan-etorriko hainbat bidaia egin zituen, harik eta 1777an Errege Armadan sartu zen arte; 1782an ontzi-kapitain gradua lortu zuen. XVIII. mendearen amaiera aldean Armadaren ekintza garrantzitsuetan izan zen, esate baterako Santa Maria lurmuturrean (Azoreak) konboi ingeles handi bat harrapatzekoan, Gibraltar berreskuratzeko ahaleginean, Mao hartzekoan, Aljerren kontrako espedizioetan, Tolonen defentsa eta ebakuazioan, Cádiz Nelsonen erasoen aurrean babesten, ... Brest-en eskuadra espainiar-frantses konbinatuaren ontzi eta fragata dibisio baten agintea eman zioten, eta hainbat aldiz borrokatuko zen ingelesen kontra. 1800ean hil zen, bere ontzian bertan zela etorri zitzaion apoplexiak jota. Francisco de Paula Pavía almiranteordearen iritziz, Goikoetxea "marinel ausarta, militar saiatua eta prestutasun eta leialtasun eredua" izan zen, "ondra dezaten eta oroimenean gorde dezaten ongi merezia duena bera" [PAULA PAVÍA, Francisco de: Galería biográfica de los generales de Marina…desde 1700 a 1868, Madril, 1874, IV. lib.].

GUIRIOR y HUARTE, Manuel de (Aoiz, 1708-1788). Itsas-Armadako teniente jenerala eta erregeordea. ltsas-Armadan 1733. urtean sartu zen. Europa eta Ameriketako itsasoetan ibili zen, ingelesen eta algeriarren aurka borrokatuz. Siciéko gerratean nabarmendu zen (1744). 1769. urtean ontzitalde-buru izatera iritsi zen, eta gero Granada Berriko (1772-76) eta Peruko (1776-80) erregeorde izendatu zuten. Kultur kezka handiko gizona zen, zenbait unibertsitate sortu, ikasketa plan berriak sartu, zientzi-espedizioak sustatu eta ekonomi berrikuntza ausartak bultzatu zituen. 1774. urtean teniente jeneral maila lortu zuen. Madrilen hil zen.

H

HERNANDORENA ZUBIAGA, Esteban (Portugalete, 1905-1965). Merkatalontziko kapitaina. Zenbait karguontzi eta arrantza-ontzitan ibili zen. Gerra Zibila hasia zelarik (1936-39) ltsas-Armada errepublikarrean sartu zen. Zenbait gerraontzitan itsasbide-ofiziala izan zen; bere arrakastarik entzutetsuena, Frantziako atlantiar portuetan errefuxiatuta zeuden bi urpekontzi Mediterranioraino gidatzea izan zen, Francoren aldekoen hesiari iskin eginez. Gero Mexikora erbesteratu zen eta II. Mundu Gerran Ozeano Barean ibili zen. Europara itzulitakoan, etorkin judutarren itsasontzi bat gidatu zuen ezkutuan Errumaniatik Palestinara (1947). Beranduago, "ZIM" israeldar konpainia nazionalean sartu eta zenbait ontzi gidatu zituen. Haifan hil zen. Bertako kale batek bere izena darama, hura omendu nahiz. Informazio gehiago

HIDALGO DE CISNEROS, Francisco (Orio, 1721-1794). Itsas-Armadako teniente jenerala. 1738. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Ingelesen aurka Sicié lurmuturraren garaipenean izan zen (1744). 1775. urtean brigadier mailara igo eta xebeka talde bat eduki zuen bere agindupean. Afrika iparraldeko kanpainetan (1775) eta Ingalaterraren aurkako gerran (1780-82) borrokan aritua. 1790. urtean teniente jeneral mailara igo eta Cartagenako Departamentuko buru izendatu zuten, bertan hil zelarik.

HORNA RUIZ DE ZULUETA, Miguel de (Iruñea, XVII. m.). Almirantea. Oso gazterik lortu zuen almirante izatea. 1636.ean Dunkerkeko ontzitaldearen aginteaz jabetu eta berarekin Ingalaterra eta Holandako merkatalontziak zigortu zituen. 1639an, frantsesek A Coruña hiriari eraso egin ziotenean, bere ontzitaldeaz baliatuz hesia hautsi eta laguntza ekartzea lortu zuen. Oquendorekin batera Dunen gerratean izan zen, eta berari esker zenbait itsasontzik ihes egitea lortu zuen. A Coruñan hil zen 1640. urte inguruan.

I

IBARRA, Carlos de (Eibar, ¿?-1639). Indietako ontzidien jenerala. 1616. urtean bere agindutara zuen Kantauriko ontzitaldea eta 1618az geroz, Indietako zenbait ontzidi. Arrakastarik handiena 1638. urtean lortu zuen, Karibetik Penintsulara galeoi talde bat gidatu zuenean, askozaz ere indartsuagoa zen holandar ontzitalde bat suntsitu ondoren oso-osorik iritsi baitzen. Bartzelonan hil zen. Informazio gehiago

IBARRA, Diego de(Elgeta, ¿?-1676). Ozeanoko ltsas-Armadako almirantea. Urte askotan Indietako ontzidia babestu zuen. 1666. urtean Portugaleko kanpainan parte hartu zuen, eta bertan 18 harrapaketa egin eta zenbait portu eta gotorleku tirokatu zituen bere kainoiez. 1675.ean Frantziarekiko gerra piztu ondoren, Mediterranioan ihardun zuen holandarrekin batera. Augustako guduan parte hartu ondoren, Palermokoan hil zen, zertxobait beranduago (76-VI-2).

IDIAKEZ MUXIKA, Alonso (1565-1618). Joan Idiakezen seme, Flandes, Frantzia eta Italiako guda-zelaietan nabarmendu zen, eta Milango zalduneriako kapitain jeneral eta Lonbardiako gudarosteen jeneral izatera heldu zen. Nafarroako erregeorde, Gipuzkoako Batzar eta Diputazioetako idazkari eta Gipuzkoako kapitain jeneral karguak ere izan zituen. Beste batzuez gain, Aramaioko konde eta Ciudad Realeko duke tituluak eraman zituen. Bere karrera militarraren zati handiena lurreko armadetan garatu bazuen ere, biografian baditu itsasoan izandako hainbat gertakari ere. Azoreetako San Migeleko itsas guduan hartu zuen parte 1582an, eta "laguntza handia eman eta kemen handia" erakutsi zuen, orduko lekukotasunen arabera. Osterantzean, Donostiaren defentsa antolatu zuen, Baionatik eta Lapurdiko portuetatik itsasoz heldutako eraso baten aurrean. Milanen hil zen, eta San Telmon hilobiratu zuten, aitaren ondoan.

ILLARRETA, Frantzisko. Kapitain eta armadorea. Frantziaren aurkako korsu gerran parte hartu zuen (1552-1555).

IRIBERRI, Manuel (?-1648). Cádizen finkatutako kapitaina, bere jarduera komertzialaz aberastu zena. Andaluzian izandako euskal presentziaren ikertzaile Jose Garmendia Arruabarrenak idatzi zuenez, "Irisarri, inolako zalantzarik gabe, funtsezko pertsonaia da Cádizko XVII. mendearen lehen erdialdeko euskaldunen artean; izan ere, bere inguruan bilduko zituen bere herrikideen borondate pietatezko eta aberkoiak" [GARMENDIA ARRUABARRENA, Jose: Vascos en Cádiz (siglos XVII-XVIII), Grupo Dr. Camino de Historia Donostiarra, Donostia, 1986, 23. or.]. Diego Agirre kapitainarekin batera, San Agustinen elizan kokatutako Umiltasun eta Eroapenaren Kofradiaren sortzailea izan zen, hau da, Cádizko euskal koloniaren kofradiaren sortzailea. Bere testamentuaz eskuzabaltasuna erakutsi zuen; halaz, bere ondasunetako asko berbereen kostaldeko gatibuak askatzeko laga zuen ("probintziako seme naturalei eta, batez ere, Donostiako hiribilduko eta Hondarribia eta Irungo hiriko semeei eta, horrelakorik ezean, Cádizko hiri honetakoei" zuzenduta). Kopuru handia jarri zuen, era berean, "kaxako umeak hazteko (...) eta Cádizko hiri honetako pobre umezurtzak ezkontzeko".

IRIONDO Y GOROSTEGUI, Eduardo (Iruñea, 1839-1871). ltsasontzi-ingeniaria. Numancia fragatan ontziratuta, Itsas Bareko kanpaina egin (1865-66) eta munduari bira eman zion. Bidaiaren kontakizun bat utzi zuen idatzita. 1870. urtean Habanako armategira joan eta bertan hil zen.

IRISARRI, Santiago (1697-1759). Caracasko Konpainia Gipuzkoarraren faktore eta zuzendaria Cádizen. Habanako Konpainiaren akzioduna ere izan zen. San Fernandon (Cádiz) hil zenean testamentu-inbentarioa egin zuten, eta orduan atera zen argitara bildua zuen aberastasun handia. Cádizen eta Donostian hainbat etxe edukitzeaz gain, era guztietako ondasun ugari atera zen, hala nola urre eta zilarrez goraino betetako bi kutxatzar, urregintzako piezak, urrezko edergarriak, harribitxiak, Txinako baxera, Doloretako Ama Birjinaren imajina zeukan otoiztegi bat, gai erlijiosoez osatutako koadroak eta liburu sorta zabala. Habanako Konpainiaren 74 akzio zeuzkan, Caracasko Konpainiarenak 32, eta Donostiako Baleazale Konpainiako zortzi. Bi esklabo beltz ere bazituen, 19 urteko bat eta 15 edo 16 urteko beste bat, Ignazio eta Santiago izenekoak.

ITURRITZA MEJÍAS, Guillerma (1928). Itsasbazterreko arrantzako Guillermita arrantza-ontziaren armadorea, 1964tik 2007an desegin zuten arte. Oso gaztetatik pisonera lanetan aritu zen (arraina enkanterako prestatu, Kofradian kobratu, tripulatzaileei ordaindu, sareak konpondu, etab). Jose Antonio Vaqueriza senarra Guillermitaren patroia izan zen 1969 arte; Guillermak berak, bitartean, lehorreko lan guztiaren ardura zeraman (kontabilitatea, baimenak, partilak, arrain salmentak, sare konponketa, etab.). Vaqueriza Iturritza familiak, orain, Gure Aita Joshe ontzia dauka, ontzidi donostiarreko ontzirik handien eta modernoena alegia. Guillermak dagoeneko ez du armadore lana egiten, baina kontabilitatea eta beste lan txikiago batzuk bere ardura ditu oraindik ere.

J

JAUREGIBERRY, Jean-Bernard de (Baiona, 1815-1887). Almiranteordea. Itsas-Armadan 1831. urtean sartu zen. Anberesko setiaketan eta Argentina, Krimea eta Txinako kanpainetan hartu zuen parte. 1861eko urtean Senegaleko gobernadore izendatu zuten. 1869an kontralmirante mailara igo zen. Frantsesen eta prusiarren arteko gerran (1870-71) Alemaniako kostaldearen setiaketan parte hartu zuen. Gero, lehorrean aritu zen, lehenik gudaloste bati aginduak emanez, eta ondoren, Armadako XVI. Sailean; Patay eta Le Manseko guduetan izan zuen partaidetzagatik nabarmendu zen. Almiranteorde izatera iritsi zen 1870. urtean. 1871n diputatu hautatu zuten Pirinio Behereen ordezkaritzan, eta Toulongo prefeta eta Almirantego Kontseiluko kide izendatu zuten. Biraketa-ontzitaldearen agintea bere gain hartu zuen 1876an, eta senadore (1879) eta itsas ministraria (1879-80 eta 1882-83) izan zen. Parisen hil zen.

K

KIRIKO. Ikusi Zufiaurre, Frantzisko.

L

LA COSA, Juan de (Santoña?, g.g.b. 1460-1509). Esploratzailea eta mapagilea. Orohar "Juan Vizcaíno" bezala ezaguna zena. Bere jaioterria zein izan zen ez dago argi, baina badirudi Bizkaiko herriren bat izan zela (garai hartan bai Santoña eta bai Castro Urdiales hala ziren). Colonek Ameriketara egin zuen lehenengo bidaian parte hartu zuenentz ezin jakin daiteke ziur. Bigarrenean (1493) harekin batera joan zen ziurtasun osoz, eta Alonso de Ojedaren espedizioarekin (1499-1500), Rodrigo de Bastidasenarekin (1501-02) eta berearekin (1504-05) itzuli zen berriro. Horrela, Karibeko kostaldea arakatu zuen, hasi Orinocotik eta Urabaraino. 1500. urtean "Itsasketarako Indietako Mapa" ezaguna egin zuen, garai hartako kartografiazko ezagutza guztiak bilduz eta historian lehendabiziko aldiz Amerikako kontinenteko lurrak sartuz. 1509.ean Alonso de Ojeda eta Diego de Nicuesaren espedizioan joan zen Tierra Firmera (Kolonbia), eta bertan hil zuten indigenek, lehorreratu eta gutxira.

LAJUST, Antonio. XVII. mendearen lehen erdialdeko merkatari eta ontzigilea. 1614 eta 1621 bitartean, 500 tonatik gorako gutxienez 11 ontzi ekidatu zituen, Donostiako eta Usurbilgo ontziolak erabiliz horretarako. Partikularrentzat eta Indietako Ibilirako ekidatu zituen, eta baita Portugal eta Filipinetako Armadetarako ere. Informazio gehiago

LARANDO, Joana. Alarguna eta ostatu baten jabea; 1630ean korsuaren negozioan hartu zuen parte, beste bi bazkiderekin batera San Juan patatxa armatuz. Joan Etxaniz kapitaina agintean zela, patatxa Frantziako kostaldean sartu zen, eta "Ingalaterrako kanalean", harrapakin garrantzitsuren bat edo beste eskuratu; ez dirudi, baina, irabazi handirik eman zuenik. Informazio gehiago

LARDIZABAL, Bizente (1746-1814). Medikuntzan doktorea. Donostian aritu zen bere lanbidean. Oso gaztea zelarik argitaratu zuen bere lanik garrantzitsuena, Consideraciones político-médicas sobre la salud de los navegantes (Madril, 1769) izenekoa alegia, Atlantikoaz bestalderainoko nabigazioan ari ziren itsasontzietako zirujauen prestakuntzari buruz; aipamen berezia egin zuen Caracasko Konpainia Gipuzkoarrekoei buruz. Urte gutxi geroago Consuelo de Navegantes liburua etorriko zen (Madril, 1772); honetan, nabigazio luzeetan marinelak erasaten zituen eskorbutuari aurre egiteko sargazoa erabiltzea proposatzen zuen. Obra hauek ikusita, esan dezakegu Lardizabal izan zela medikuntza eta itsasoko gaiei buruzko lehen tratatu-idazle espainiarra. 1778an, gainera, Memoria sobre las propiedades del chocolate liburuxka argitaratu zuen, produktu honen elikagai eta sendagai gisako balioa laudatuz eta bainuetxeetako sendaketen osagarri gisa proposatuz bertan.

LARRASPURU, Tomás de (Azkoitia, 1582-1632). Itsas-Armadako almirante jenerala. 25 urtetarako Indietako galeoi baten agintea zuen eta 1616.ean almirante mailara igo zen. Ingelesen eta holandarren aurka borrokatu eta Indietako ontzitalde ugari zaintzeaz arduratu zen, beti ere eragozpenik gabe iritsi zirenak, 1628ko urtean, mairuek Sale hiriaren aurka (La Mamora) egindako setiaketa apurtu egin zuen bere ontzitaldeaz baliatuz. 1629. urterako, Indietarako Itsasbideko almirante jenerala eta erregearen gerra kontseliuko kide zen. Azkoitian hil zen. Informazio gehiago.

LASALA COLLADO, Fermin. Mandasko dukea (Donostia, 1832-1917). Fermin Lasala Urbieta eta Rita Colladoren semea. Aita 1854an hil zitzaiolarik, haren negozio ugariren ardura hartuko zuen. Horien artean, Pasaia eta Hondarribiko ontzigintzarako dikeak zeuden, eta baita El joven Fermín kliperraz eta Lasarte korbetaz osatutako itsas zabaleko merkataritzako ontzidia ere. Horien bidez, eta aitak eginari jarraiki, familiaren lantegietako produktuaren garraioan aritu zen -Lasarteko irin-lantegiko produktuarenean hain zuzen-, eta emigratzaileak ere eraman zituen Hego Konora, Kubara eta Puerto Ricora; han, gainera, itzulerako pleitetan, kolonietako produktuak kargatzen zituen, Donostiara itzuli aurretik Europako iparraldeko portuetara, hala nola Hanburgo, Anberes edo Liverpoolera, eramateko. 1863ko urtearen inguruan, jarduera horrek ematen zituen irabazi txikiak zirela eta, ordura arte errentagarri samarrak izan baitziren, Fermin Lasala Colladok utzi egingo zuen negozioen munduko arlo hau, eta bere ontzidia saldu egin zuen. Hau armadore bilbotarren esku geratu zen, esaterako Aburtotarren esku, hauek, Eduardo Aznarren bidez, interesa agertu baitzuten Lasarte ontzia eskuratzeko. [Testua: Carlos Rilova]. Informazio gehiago

LASALA URBIETA, Fermin (Donostia, 1798-1853). Nafarroa Behereko familia baten ondorengoa zen. XIX. mendeko lehen hiru hamarkadetan zehar karrera bikaina egin zuen Donostian merkatari gisa, eta horren ildotik Isabel II.aren monarkiako administrazio politiko eta ekonomikoaren goreneko postuetara iritsiko zen. Hiriko merkataritza-enpresa behienekin zituen harremanak oso sendoak ziren, batez ere Colladoren alargunarenarekin –are gehiago, honen alaba Ritarekin ezkonduko zen– eta Brunet familiarenarekin zituenak. 1831n, ezkondu eta bi urtera, amaginarrebak Josefina korbeta lagako zion; honek, Rápido izeneko brigantin gisa prestatu zuelarik, merkataritzako ontzidi txiki baina aktibo baten ekidatzaile eta armadore lanetan murgiltzera eramango zuen. Lasala honen semeak, geroago, ontzidi hori jarauntsi eta hobetu egingo zuen. [Testua: Carlos Rilova]. Informazio gehiago

LAYA Y CABEX, Mateo de (Gueñes, 1630-1693). Itsas-Armadako almirante jenerala. Itsas-Armadan ontzimutil bezala sartu zen 1642. urtean, eta maila guztiak gainditu zituen. Frantsesen, turkiarren eta algeriarren aurkako makina bat gerrateetan izan zen: Gata lurmuturra (1643), Larroxela (1652), Oran (1675) Stronboli (1676),... 1683. urtean Ozeanoko Itsas-Armadako almirante jeneral mailara goratu zuten. Oranen aldeko borrokan nabarmendu zen berriro (1688). Ondoren Ozeanoko Ontzitaldea gidatzen hasi zen, Indietako ontzidiak babestearen ardura zeramana. 1692. urtean Gerra Kontseilu Gorenean eta Itsas-Armadetako Batzordean sartu zen.

LAZKANO, Juan Lope de (Lazkao, ¿?-g.g.b. 1512). Itsas-Armadako jenerala. Granadako Gerran (1492) bere jabetzako ontzitaldetxo batekin aritu zen borrokan. Kapitain Handiarekin elkarlanean ihardun zuen, turkiarren aurkako gerretan eta Italiako kanpainean itsas-ekintzak bideratuz. Frantziako ontzitaldea garaitu zuen Brindisi eta Tarenton, Napoli menperatzen parte hartu zuen eta Zesar Borgia preso eraman zuen Espainira. Itsas-blindaia erabiltzearen aintzindarietako bat izan zen, bere itsasontzietako saihets batean babesgailuak jarri baitzituen Mazalquivirren setiaketan (1505).

LERTXUNDI, Tomas. XX. mendearen hasieran ontzietarako tresna eta lanabesen salmentarako denda bat zeukan Donostian. Geroago zabalagotu egingo zuen bere negozioen eremua, arrasteko arrantzan sartuz eta armadore bihurtuz. Enpresak Pasaian jarraitu zuen, Ramon eta Luis Maria semeen eskuetan ordurako.

LEIZAUR, Jose (1740-1807). Berrogeita hamar urtez Armadan eman zuen zerbitzua. 1754an soldadu hasi zen, Cádizen, guardamarina moduan. 1770ean, Río de la Plata eta Magallaes itsasartea bitarteko kostaldeak aztertzen aurkituko genuen. Dorotea fragataz, Melillari laguntzeko ekintzetan hartu zuen parte. Aljerren aurkako espedizioan ere izan zen (1775). 1782an ontzi-kapitain izendatu zuten.

LEZO Y OLABARRIETA, Blas de (Pasaia, 1687-1741). Pasai San Pedrokoa jaiotzez. Herri hau, 1805 arte, Donostiako udalerrikoa izan zen. Frantzian hartu zuen eskola, eta hasiera batean Itsas Armada frantsesean sartu zen. Oso partaidetza bizia izan zuen Ondorengotza Gerran, Borbondarren aldean, eta hainbat operaziotan hartu zuen parte: Vélez-Málagako borrokan izan zen (1704), eta han kanoi-tiro batek ezkerreko hanka kendu zion; Tolonen kontrako erasoan (1707) ezkerreko begia galdu zuen; Bartzelonako setioan (1713) beste zauri batek eskuineko besoa ezertarako ez zela laga zion. Mallorca berreskuratzen ere parte hartu zuen (1715) eta gero Ozeano Bareko kostalde amerikarrean itsaslapur eta kortsarioen kontra borrokatzera destinatu zuten. Eskuadrako buru gisa, 1731n parte hartu zuen Genoaren kontrako espedizioan, eta baita, 1732an, Oranen aurkako erasoetan ere. Teniente jeneral karguaz jada, Cartagena de Indiaseko (egungo Kolonbian) portu estrategikoko bilgunearen buruzagitza eman zioten. José Cayuela historialariak honela laburtu zuen Lezok portu haren defentsan izandako esku-hartze sonatua: "Hantxe zelarik, huraxe baitzuen destinoa, Britainia Handiko eta Espainiako koroen arteko gerra lehertu zen. Hiri haren garrantzia zela eta, ingelesek eraso masiboa jotzea erabaki zuten; honetan, Vernon almirantea izango zen buru (...). Portuko defentsa txarrak zirela eta, britainiarrak erabat sinetsita zeuden garaile aterako zirela, eta halaz, 1741ean, oso eskala handiko erasoa abiarazi zuten, gerrako 36 ontziz eta garraiorako 100 ontzi txiki baino gehiagoz. Biztanleriaren erresistentziak, Granada Berriko erregeorde Sebastián Eslabaren logistika mailako xedapenek eta Blas Lezo almirantearen erresistentzia bizkorrak (...), baina, Britainia Handiko Itsas Armadak XVIII. mendean Antilletako inguruan izandako porrotik handiena eragin zuten. Vernonek ihes egin behar izan zuen, bertan 20 ontzi eta 9.000 gizon utziz; Lezoren soldaduek berehala harrapatu zituzten hauek guztiak" [CAYUELA, José: Haizalde. Barlovento, Foro Marítimo Vasco, Bilbo, 2006, 122. or.]. Defentsak eragindako nekeaz barrena jota zegoela, Lezo handik hilabete gutxira zendu zen. Informazio gehiago.

LIÑÁN VERA, Luis (?-1625). Hidraulikan aditua. Oso tresna berezia asmatu zuen Pasaiako portua garbitzeko, eta beste bat Donostiako nasetan artile-zakuak prentsatu ahal izateko.

LOPEZ DE LEGAZPI Y GURRUTXATEGI, Miguel (Zumarraga, 1503 edo 1505-1572). Gobernadore, kapitain jeneral eta Filipinetako konkistatzaile. 1528. urtean Mexikora joan eta han bizi izan zen 1564eko urtera arte, sekulako dirutza eginez. 1559.ean Felipe II.ak Sartaldeko irletara (Filipinak) espedizio bat antolatu zuen. Zenbait atzerapen eta bestelako gorabehera batzuen ondoren, erregeak espedizio buru izendatu zuen. Mexikotik 1564ean abiatu ziren, eta hurrengo urtean iritsi ziren Los Ladrones irletara (Mariana Irlak) eta Samar Irlara, Filipinetako artxipelagoan. Ondoren, Leyte Irlara joan eta Cebun geratu zen, bertan lehenengo hiria sortu zuelarik: San Miguel. Jarraian, Bohol eta Panay (1565) eta Masbate eta Mindoro (1569) irlak menderatu zituen, bake giroan orohar, bertako buruzagiekin adostasun batera ailegatu ondoren, 1569. urtean Filipina Irletako gobernadore eta kapitain jeneral izendatu zuten, baita Los Ladrones irletako agintari ere. Laguntza bereziak etorririk, Luzon Irla beretu zuen 1571. urtean, eta hiriburua Manilako herriska tagaloaren hondakinen gain eraiki zuen, bere izena gordez. Han bertan hil zen hurrengo urtean. Informazio gehiago.

M

MARI. Ikusi Zubia, Jose Maria.

MARTINEZ DE LIZARDUI, Iker (Donostia, 1977). Kirol-belako txapelduna. 1992an Espainiako txapeldun geratu zen lehen aldiz, Optimist klasean. 1997 arte Vaurien klasean nabigatu zuen, eta honetan, 1995 eta 1996an, jubenil mailako titulu nazionala eta 1997an Euskadikoa lortu zituen. 1998an modalitate olinpiko berri bateko ibilbideari eman zion hasiera, 49er klaseari alegia. 1999an Xabier Fernández Gaztañagarekin (Ibarra, Gipuzkoa) elkartu, eta une horretatik aurrera mundu mailako tituluetarako lasterketa bizkorrean abiatuko zen. 2002an mundu mailako titulua eskuratu zuen, eta baita Europakoa ere aipatu klase horretan, Movistar taldearen taktiko gisa IMS 600eko mundu mailako titulua lortzeaz batera. 2004an mundu mailako beste titulu bat eta Atenaseko olinpiadako urrea lortu zituen 49er klasean. Ozeanoko belan, 2005ean mundu mailako 24 orduko lastertasun abiadura ondu zuten, Movistar ontziaz. 2006an ISAF-en munduko txapeldun titulua lortu zuten. 2007 eta 2008an Europako Txapeldun titulua lortu zuten atzera, 49er klasean. Xabier Fernándezekin batera 2008ko Pekingo Olinpiadetan arituko da.

MARTINEZ DE MENDARO, Juan (Zumaia?, XV. m.). Marinela. 1475. urtean Gipuzkoako eta Bizkaiko ontzitalde bat gidatu zuen, Gibraltarreko itsasartea babestearen ardura zuena. Portugaldar eta genoarrek osatutako beste batek eraso egin zien baina hau ere menperatu egin zuen, zenbait itsasontzi preso hartuz.

MARTINEZ DE REKALDE Y LARRINAGA, Juan (Bilbo, 1538?-1588). Almirante jenerala eta itsasontzigilea. Bizkaiko ontzitaldean ibili zen eta Indietako ontziteriaren babesean parte hartu zuen. 1572. urtean, Herbehereetako gobernadore jeneral berri izango zen Medinaceliko dukea Flandesera eramatekoa zen ontzidia eta bere gudalosteak gidatu zituen. 1583. urtean, bere ontzitaldearekin batera, Azore irletara joan zen espedizioan. Gero, Irlandan ihardun zuen katolikoei lagunduz. Itsasontzigintzaren alorrean ere nabarmendu zen, Gipuzkoa, Bizkaia eta Kantabriako errege-ontzien eraikuntza zuzenduz eta gai horri buruzko zenbait lan idatziz. 1588. urtean, Bizkaiko ontzitaldearen buruan zelarik, "Itsas-Armada Garaitezinari" batu zitzaion Medinasidonia duke ezdeusak gidatzen zuen espedizioko bigarren buruzagi eta almirante jeneral bezala. Hondamendiaren ondoren A Coruñara iristea lortu zuen Rekaldek, baina kanpainaren nekeak heriotza ekarri zion handik gutxira. Informazio gehiago. 

MATHÉ ARANGUA, Jose Maria (1800-1875). 1819 eta 1825 bitartean, Armadaren Injineru Gorputzekoa izan zen. Itsas Armadaren ofizial gisa, Kuban destinatuta egon zen 1828 eta 1830 bitartean. 1834an Urdializko kostalde eta portuaren plano zehatzak egin zituen, eta geroago baita Santanderreko eta Guarnizoko penintsulako topografi planoak ere. 1837an Almirantegoan ari zen bere zerbitzuak ematen, eta geroago Armadaren Estatu Nagusira igaro zen. 1839an Armadako artilleriako koronel mailara igo zuten. Bere jakinduria teknikoa baliatuta, berak asmatutako telegrafia optikoko sistema bat garatu zuen; sistema honek 10 urte baino gehiagoz funtzionatu zuen Espainian. 1851n telegrafia elektrikoa aztertzeko ordezkaria izan zen, eta telegrafia elektrikorako airetiko bi linea instalatzea proposatu zuen; horietako lehenak Madrildik Irunera joan behar zuen. Telegrafo Gorputzeko zuzendari nagusi izendatu zuten 1856ko azaroaren 21ean, eta jeneral kargura iritsi zen armadan.

MAZARREDO Y SALAZAR, José Domingo de (Bilbo,1745-1812). Itsas-Armadako teniente jenerala. 1760. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Itsaso guztietatik barrena ibili zen, eta bere ibilaldi horiek itsasketaren zientzia alderdiak lantzeko erabili zituen batipat: astronomia, biraketa, hidrografia... Bere oharrak zenbait lanetan gorpuztu eta argitaratu zituen. 1775ean, Algerreko espedizioari batu zitzaion. Ingalaterraren aurkako ekintzetan partaidetza zuzena izan zuen (1780-82) eta 1783.ean ontzitalde buru izatera iritsi zen. Itsas-zain berrien irakaskuntza zuzendu eta bere gerizapean zientzi-espedizio batzuk bultzatu zituen. 1789. urtean teniente jeneral mailara igo eta Ordenanzas de la Armada idazteari ekin zion, 1793an bukatu zituelarik. 1797an ontzitaldearen buruzagitza hartu zuen bere gain eta Cadizen aldezpena zuzendu zuen ingelesen aurka. 1799an Frantzira joan zen ekintza-planak atontera, baina Napoleonen asmoen kontrakoa izakin, ontzitaldearen bruzagitzatik kendu egin zuten. 1802. urtean bere lanari agur esaten utz ziezaiotela eskatu eta Bilbon kokatu zen. Gormutuen irakaskuntzarekiko ardura sortu zitzaion eta Bizkaiko bizitza politikoan partaidetza zuzena izan zuen, diputatu nagusi izatera ere iritsi baitzen. "Zamakolada" medio (1804), atzerriratua izan zen. Bere jarrera liberalak Jose Naponelonen gobernuari laguntzera bultzazu zuen Itsas ministrari gisa (1808-12). Madrilen hil zen hezueriak jota. Informazio gehiago.

MENDIOLA, Frantzisko. Donostiako auzo, jaiotzez Eakoa (Bizkaia). 1854an parte hartu zuen hondoratzeko arriskuan zegoen ontzi bateko tripulazioaren salbamenduan. Nikolas Soraluzek honela kontatu zuen hark egin lana: "Ondasunetan zuen oparotasuna ahantzirik, txalupa txiki batean eta marinel batzuekin uretara jo zuen Concha honetan, ekaitz beldurgarriaren erdian, eta ia-ia dozena bat bizitza inguru salbatu zituen (...). Foru Aldundiak diruz eta hainbat graziaz saritu zituen marinelak; Mendiola, berriz, ohorezko komunikazio batez, eta Gobernuak beste kondekorazio bat eman zion, ongi merezia guztia, inolaz ere" [SORALUZE, Nikolas: Historia General de Guipúzcoa, Gasteiz, 1870, 1. lib., 194. or.].

MENDIZABAL BILDOSOLA, Ignazio (c.1727-1780). Guardamarina 1741ean; 1774an ontzi-kapitain izendatu zuten. Jose Iturriagak 1751n antolatutako Orinokorako espedizioan parte hartu zuen, eta 1752an fragata-teniente mailara igo zuten. 1780an, Langarak agindutako dibisio batean sarturik, handiagoak ziren indar ingelesen aurkako borroka batean hartu zuen parte. Santo Domingo ontzia, berak agintzen zuena, suntsituta geratu zen santabarbara lehertu zenean, eta tripulazioko guztiak hil ziren bertan.

MERCADER ETXANIZ, Ignazio (1832-1901). Aita zuen Frantzisko Luziano Mercader Minondorekin batera, Mercader e Hijos sozietatea fundatu zuen 1869an, Antillekiko, bereziki Kubarekiko, merkataritzan aritzeko. Kolonialen komertziorako, hiru bapore eduki zituzten. Osterantzean, petrolio-findegi bat ustiatzen zuten Pasaian, Londaitz familiarekin elkarturik [ikusi Cesárea Garbuno]. Ignazio Mercader-ek arrantzaren produktibitatea areagotzeko eta tripulatzaileentzat segurtasun handiagoa lortzeko modua ikusi zuen baporea arrantzan aplikatzeko aukera horretan. 1878an lehen Mamelena ekidatzeko enkargua egin zuen Eskozian; hauxe izango zen Espainian arrantzan arituko zen lehen bapore-ontzia. Honen arrasteko ontzidia haziz joan zen, harik eta, mendearen hasieran, 10 unitate izatera heldu zen arte. Ignazio Mercader izan zen 1886an eratutako Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren lehen presidentea. Gipuzkoako Itsas Salbamenduen Elkartearen presidentea ere izan zen, Donostiako alkate 1873 eta 1874 bitartean, eta Gipuzkoako senatari (Alderdi Liberala ) 1895 eta 1898 bitartean. Manuel Mercader Bidaurrek, Ignazioren semeak, jarraitu zuen enpresarekin, eta bazkide berrien partaidetzarako zabaldu zuen. Informazio gehiago

MERCADER MINONDO, Luziano (¿?-1914). Ikusi Ignazio Mercader eta Cesárea Garbuno.

MICHEO INDACOECHEA, Pedro (Saldias, 1781-1865). Itsas-Armadako teniente jenerala. 1798. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Santo Domingoko kanpainan izan zen (1801). Cadizen Rosillyren aurkako erasoaldi eta garaipenean parte hartu zuen (1808), eta frantsesen aurkako Gerraren beste ekintza batzuetan ere bai. Mexikar independentziazaleen aurka ere borrokatu zen (1810-14), baita karlisten aurka ere Mediterranioan (1839-40). Brigadier izatera iritsi zen 1840.ean, Katalunia eta Valentziako itsas-armaden agintea bere gain hartuz, eta gero, Cartagenako Departamentukoa (1841-43). 1843an ontzitalde bateko buru eta 1854ean teniente jenerala izan ondoren, senadore hautatu zuten 1861.ean. Madrilen hil zen.

MITXELENA OSINAGA, Joan Jose Bizente. XVIII. mendeko bigarren erdialdeko merkatari garrantzitsua. Elite donostiarraren kide, alkatea izan zen 1770, 1773, 1783 eta 1784 bitartean. Dagoeneko ibilbide luzea egina zuen merkataritzako negozioetan –hainbat ontzi eta fragatatan zuen partaidetza barne–, Frantzisko Aldatzekin batera Aldaz izeneko komanditako konpainia sortu zuenean. Konpainia honen helburua "merkataritzan aritzea, eta jeneroen trafikoari, ontziei, bankari eta legezko merkataritzarekin lotutako orori dagozkien negozioetan tratuak egitea eta aktiboak eta pasiboak kontratatzea" zen. Aldatz eta Mitxelenak finantza, transformazio eta monarkiarekiko kontratu bidezko jarduera trinkozko sare bat eratu zuten, eta honen erdigunean merkataritza zegoen, Atlantiko aldeko Europarako joera nagusi batez, inolaz ere (Baiona, Bordele, Amsterdam, Gdansk, Riga), nahiz Amerikarekiko trukean ere arituko zen Caracasko Konpainiaren bidez edo Santanderretik zehar. Isabel Miguel López historialariaren arabera, Aldaz firmak oso maila handiko enpresa-dimentsioa izan zuen, garai hartako merkatari espainiarren artean [MIGUEL LÓPEZ, Isabel: “Aldaz: sociedad mercantil donostiarra del siglo XVIII”, non: Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián, 39. zk., Donostia, 2005, 263. or.]. 1783an konpainiak porrot deklarazioa egin zuen, lege prozesu luze eta nekez bat abiaraziz. Mitxelena joan egingo zen Donostiatik, azkenean, 1786an, hiritik irtetea galarazita bazuen ere. Bordeletik Valladolideko Kantzileriaren buruari idatziko zion, jasotako tratuaz arrangura zela.

MORALEDA MONTERO, Jose (1750-1810). Pasai San Pedrokoa jaiotzez (herri hau, 1805 arte, Donostiako udalerrikoa izan zen). Marinel familiakoa zen, eta guardamarina sartzen saiatu zen, baina Cádizko Errege Nabigazio Eskolan pilotu ikasketak egiteaz konformatu behar izan zuen. Karibe, Mexikoko Golko eta Ekialdeko Indian zehar nabigatu ondoren, Peruko erregeorderriko kostarantz ontziratu zen 1773an. Manuel de Guirior erregeordeak oso estimu handian izan zuen, eta itsaso haietan nabigatzeko bere garaiko piloturik onenentzat zuen. 1787 eta 1788an Chiloéko uhartearen plano orokorra egin zuen, lurralde horretako portuetakoekin batera, eta hango ohitura, klima, historia, nekazaritza produkzio, biztanleen izaera eta abarri buruzko hainbat informazio eman zuen gainera, egoera ekonomiko eta soziala azaltzeaz gain. Chiloéko portuetarako oso erabilgarritasun praktiko handiko itsasbide liburu bat ere idatzi zuen. Txileko kostaldean egin zituen hidrografi lanak Espainiaren mendean zeuden lurralde guztietan egindako onenen artean daude, eta oso harrera ona izan zuten marinelen eta erregeorderriko agintarien artean. Alejandro Malaspinaren laudorioak ere jaso zituzten. Moraledak, 1792an, "Carta esférica de la costa occidental patagónica" izeneko agiria ekarriko zuen espedizioa antolatu zuen. 1804an ontzi-teniente izendatu zuten. Liman hil zen, 1810ean. Hugo O´Donellek, Moraledaren biografoak, azalpen hau laga zuen hari buruz: "Bere garaiko gizona izan zen. Langile geldigaitza, asmo handiko eta saiatua, bertutetsua eta azpisugea, etxekoa eta alproja; bere nortasun konplexuan biltzen ditu ibiltaria, zaldun zapuztua eta gero eta gehiago lortzeko etengabe ahaleginean ari zen zientzialaria. Egin zuen obra apala eta transzendentala izan zen, dikotomikoa, bere bizitza bezalaxe" [O´DONELL, Hugo: El viaje a Chiloé de José de Moraleda (1787-11790), Ed. Naval, Madril, 1990, 12. or.]. Informazio gehiago

MORENO PLAZA, Enrique (La Union, Murtzia, 1906-1937). Euzkadiko Itsas-Armada Laguntzailearen Kapitaina. Cartagenan ikasi zuen. Pilotu gisa ibili zen itsasoz itsaso Pasaiako PYSBEren bakailao-ontzietan, Ternua eta Artiar Ozeanotik barrena kanpainak eginez. Merkatalontzi bateko kapitaina izan zen 1933an. Gerra Zibila hasi zenean, PYSBEren bakailao-ontziak kainoiz hornitu ziren, eta Eusko Jaurlaritzak "Euzkadiko Gerrarako Itsas-Armada Laguntzailea" osatu zuen haiekin. Bere esku utzi zen Nabarra ontziaren agintea, eta honekin zerbitzu ugari burutu zituen konboien bizkarrak zainduz, bi itsasontzi alemaniarren harrapaketan parte hartu zuen eta matxinatuen itsasontzien aldamenean ere borrokatu zen. Konboi bat zaintzen ari zekarik Canarias kruzero-ontziaren aurka aritu zen ordu batzuen bitartean, baina azkenik hondoratu egin zuten Matxitxako lurmuturraren parean. Nahiago izan zuen bere ontziarekin batera hondoratu, harrapatua izan baino (37-III-5). Informazio gehiago. Informazio gehiago.

MUÑOZ ARANBURU, Hernando. Indietako Ibiliko almirantea izan zen. 1610ean Joan Ronquillo jeneralaren aginduen pean Filipinar uharteetara egindako espedizioan parte hartu zuen.

N

NAFARRA, Pedro (Erronkari, 1460-1528). Itsasoko eta lehorreko jenerala. Dirudienez, bere benetako deitura Bereterra izan zen. Umetan Italiara joan zen. 1487. urtean florentziar erta genoarren arteko gerran eskuhartu eta gero, kortsaria izan zen Napoliren zerbitzura "Erronkariko Pedro" ezizenaz. 1500. urtean Kapitain Handiaren gudalosteekin bat egin zuen turkiarren aurka borrokatzen, eta harez geroztik, "Pedro Nafarra" izena ezarri zioten. ltaliako kanpainan (1502-04) gotorlekuen aurka lehergailuak erabiltzen erakutsitako abileziagatik nabarmendu zen. Velez harkaitza bereganatu zuen (1508), Oranen aurkako espedizioan parte hartu zuen (1509), eta Bujia, AIger, Tunez, Tremecen eta Tripoli hiriak bere mende hartu zituen (1510). 1512an frantsesek harrapatu eta presondegian urte batzuk eman ondoren, beren zerbitzura jarri zen. Beren ontzidia gidatu zuen Italiako zenbait kanpainatan, baina Napoliko setiaketan (1528) espainiarren esku preso gertatu eta presondegian hil zen.

NAVARRO ARTZAK, Jose Frantzisko (1823-1909). 1835 eta 1838 bitartean Cádizko ontzigintza eskolan ikasi zuen. 15 urte zituela Kubara jo zuen, eta han osabaren mekanika lantegian egingo zuen lan. Bere prestakuntza teknikoa Habana, Filadelfia eta Baltimoren osatu ondoren, ibilbide profesional bikain bati emango zion hasiera; ildo horretatik, industria, garraio, komunikazio eta injinerutzarekin lotutako proiektu asko abiarazi zituen Kuban eta Estatu Batuetan. XIX. mendearen amaiera aldean, Estatu Batuetako gizonik aberatsenen artekotzat jotzen zuten. Itsas negozioen arloan, Cárdenasen (Kuba) finkatutako Casanova, Navarro y Cía. bapore eta biltegi enpresan izandako partaidetza aipa dezakegu, eta geroago -dagoeneko New Yorken finkatuta zegoela- Kubarako eta Hispanoamerikako beste herrialde batzuetarako itsaso bidezko linean izan zuena. 1865ean United States & Brazil Mail Steamship Co. sortu zuen. Konpainia hau Estatu Batuen eta Brasilen arteko itsaso bidezko posta eta merkataritzan arituko zen. 1867an Comercial Warehouse Company fundatu zuen; hau New Yorkeko porturako nasa eta biltegi konbinazio bat zen. Navarrok enpresa munduan erakusten zuen dinamismo eta ekiteko gaitasuna ekonomiaren arlo ugaritan agertu zen. Aipatzekoa da Atlas Pórtland Cement Company-ren sorrera, hauxe izan baitzen Panamako kanalerako zementu hornitzaile nagusia. Mende amaierako New Yorkeko hiri paisaian ere utziko zuen bere aztarna Navarrok, 1881ean lehen apartamentu-eraikin handiak edo Seigarren Etorbideko trenbide altxatua (1878) jaso zituenean. Trenbide hau lehena izan omen zen, munduan, horrelakoetan, eta Navarrok berak bere "enpresa lorpen nagusitzat" zeukan [BURMAN, Conchita, BEERMAN, Eric: Un vasco en América. José Francisco Navarro Arzac, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Madril, 1998, 19. or.].

O

OLAETA Y ALLENDESALAZAR, Ignacio de (Gernika, 1757-1815). Ontzitalde burua. Itsas-Armadan 1773. urtean sartu zen. Algerrerako espedizioan (1775) parte hartu zuen, baita Europa eta Amerikan barrena egindako beste batzuetan ere. Napoleonek egindako gerren garaian, ingelesen aurkako hainbat eta hainbat gudatan ihardun zuen borrokan: San Bizente (1797), Cadizen aldezpena (1797-98), Trafalgar (1805),... Rosillyren ontzitalde frantziarra garaitu zuten La Carraca kainotegietan izan zen (1808). Gero Karibe Itsasoan zehar ibili zen. 1814. urtean ontzitalde buru izendatu zuten. Azkenik Cadizen hil zen. Informazio gehiago. 

ONDARTZA MUNABE, Ignazio. XVII. mendeko korsuko armadore handia. 1654an hasi zen jarduera honetan, eta 1667ra arte behintzat jarraitu zuen. Ondartzak, beste bazkide batzuen partaidetzaz, 10 fragata eta bi brigantin armatu zituen, gutxienez. 1663an hiru fragata eta brigantin bat zeuzkan, hauen base nagusia Pasaiako portua zen, eta Portugalgo kostaldean aritzen ziren.

OQUENDO Y DOMINGUEZ DE SEGURA, Miguel de (Donostia, ¿-1588). Okendotarren marinel dinastia ospetsuko lehena izan zen. Aita sokagile xumea zen, eta Uliako hareatzeetan bizi zen, geroago berreraiki egingo zuten etxe batean. Migel Okendok sokagile eta arotz ontzigile gisa egin zuen lan, lehenik. Sevillan, berriz, istinkari lanetan aritu zen. Hainbat urtetan zehar itsasoko garraio eta merkataritzan aritu zen, eta burdin manufakturak eta beste merkantzia batzuk Sevilla eta Cádiza bidaltzen zituen bere jabetzako ontzietan; kontrabando kasuren bat edo bestean ere sartuta egon zen. Indietan ere saiatu zen bere etorkizuna lantzen, eta zenbait urte egin zituen bertan. Maria Zandategirekin ezkondu zenean, aberastasun eta botere handiagoak eskuratu zituen. 1575ean Orani laguntzeko ekintzetan izan zen, hornigaiak eta tresnak eramanez, eta 1577an Donostiako alkate izendatu zuten. Azoreetako San Migeleko itsas guduan izan zuen partaidetza izan zen ospe eta aintzatespen handiena eman ziona; izan ere, han egindakoaren ondorioz heldu zitzaion Santiagoren intsignia preziatua. Ekintza honetarako, Okendok Gipuzkoako Eskuadra antolatu zuen, marinelak soldadu altxatuz; errekrutatze hauek Donostiako itsasoko jendearen matxinada eragin zuten. Hala eta guztiz ere, 1582 eta 1583ko Azoreetako espedizioetan izandako partaidetza gipuzkoarra –donostiarra barne– oso nabarmena izan zen; are gehiago, eginkizun garrantzitsua bete zuen Bazanen Armada Felipe Strozziren ontzidi frantsesari garaitu zekion. Camino doktoreak oso modu adierazgarrian azaltzen du 1582ko borroka: "Borroka sortu zelarik, txikizioa beldurgarria izan zen. Gureek kapitana eta almiranta frantsesak abordatu zituzten, eta gorputzez gorputzeko borroka izan zen, borrokalari guztiak ontzi beraren barnean ariko balira bezala. Itsasoak gorpu asko eta askorekin odoldu ziren, lepoa moztuta erortzen ziren eta uretara (...)" [CAMINO, J. Antonio del: Historia Civil-Diplomático-Eclesiástica Anciana y Moderna de la Ciudad de San Sebastián, Donostiako Udala, Donostia, 1963, 101. or.]. Okendok berak abordatu eta menderatu zuen almiranta frantsesa, honen gidoia eta beste hainbat gauza eskuratuz. Hauek guztiak, geroago, Donostiako etxera bidaliko zituen, trofeo gisa. Lortutako ospearen indarrez, Felipe II.ak Gipuzkoako Eskuadraren kapitain jeneral izendatu zuen, 1588an Ingalaterra inbaditzeko ahaleginerako. Informazio gehiago.

OQUENDO MOLINA, Miguel (Donostia, c.1626-1688). Antonio Okendo eta Ana Molina andaluziarraren odoleko semea. Almirantea hil zenean, honen emazte legitimo Maria Lazkanok hartu zuen semetzat. Santiagoren zaldun 18 urte zituenean, Donostiako alkate izatera iritsi zen 1655ean. 1656an Kantabriako Eskuadraren jeneral izendatu zuten, eta horrentzako sei galeoi eta patatx bat ekidatu zituen, kontratu bidez. 1663an bere ontzidi osoa galdu zuen Rotako kostaldean (Cádiz). Hondamendi honek –zehaztekeko beste zenbait zoritxarrekin batera– ontzi karrera uztera eraman zuten, eta Lasarten zeukan etxera erretiratu zen. Bi liburu egin omen zituen: Vida de Santa Brígida eta El héroe cántabro. Vida del señor Don Antonio de Oquendo. Azken lan honek, Toledon argitaratu zuten 1666an, goratu eta mito bihurtzen du aita zuenaren figura, eta marinel baten biografia jasoz Espainian editatutako lehen liburua da. Alabaina, Fausto Arocenak zalantzan jartzen zuen obra bi hauek Migel Okendo Molinarenak izate hori, eta Migel Elizalderenak izan zitezkeela aipatzen zuen [AROCENA, Fausto: Diccionario biográfico vasco (Guipúzcoa), Auñamendi arg., Donostia, 1963, 161. Or.].

OQUENDO y ZANDATEGUI, Antonio de (Donostia, 1577-1640). Migel Okendo Domínguez de Seguraren semea. Hamasei urte zituela Napoliko galera-ontzidian sartu zen, eta 18 urtekoa zenean bi itsasontzi arinen agintea eman zioten, Portugal eta Galiziako kostaldeak ikaratuta zeuzkan kortsario ingelesa harrapa zezan. Borroka latz baten ondoren, erremate ona eman zion agindutako lanari. 1605ean Bizkaiko Eskuadraren aginterako izendatu zuten, Bizkaiko Golkoko kostaldea holandarren mehatxutik babesteko. 1607an, Biarritz inguruan, lau galeoi eta 800 gizon galdu zituen. Okendo bera ere itotzear izan zen. Urte horretan bertan Kantabriako Eskuadraren agintea eskuratu zuen (honetan zeuden sartuta Bizkaikoa, Lau Hiribilduetakoa eta Gipuzkoakoa), eta horren bidez babestuko zituen Indietako Ontzidiak, kortsarioen erasoen pean baitzeuden etengabe. Gero, Espainia Berriko Ontzidiaren jeneral izendatu zuten. Erregek, egindako guztiaren sari gisa, Santiagoren intsignia eman zion 1614an. Felipe IV.aren eta Olivares konde-dukearen estimua zuela, 1626an almirante jeneral titulua eta kargua eman zizkioten. Eta kargu honekin, 1617an La Mámorari laguntzera joan zen (kortsario eta itsaslapur mairuen antzinako gunea, Marokoko kostalde atlantikoan kokatua); ontzidi bat bizkor antolatu, eta setio musulmana altxaraztea lortu zuen. Garaipenik ospetsuena, dena den, 1631n Pernambuco inguruan (egungo Recife, Brasilen) armada holandar baten aurkako borrokan lortutakoa izan zen. Okendok ez zuen, baina, atarramentu onik aterako bere misiorik garrantzitsuenean, honakoa baitzen: Flandesekiko itsas bideak berreskuratzea, aurre egiten zioten Frantzia eta Holandako itsas indarrak suntsituz horretarako. Mota guztietako 100 bat ontziz osatutako Armadan buru zihoala, Mantxako kanalean aurre egin zion Maarten Harpertszoon Tromp almiranteak zabaldutako itsas indar handiari. Kanoiak bizi-bizi astindu ondoren, flota espainiarra -munizioz urri eta kalte larriak zituela- Dunetako senaian babestu zen (Raamsgate parean, Ingalaterraren hego-mendebaldean). Handik Okendok modua bilatu zuen, ezarritako helburu nagusietako bat bete ahal izateko: Flandesera 6.000 soldadu eta diru kantitate handi bat bidaltzea. Hilabetea eman ondoren ainguratuta, abantailaz kokatutako askoz indar sendoagoei aurre eginez irtetea erabaki zuen. Porrot hura kolpe ikaragarria izan zen Espainiaren itsas potentzia handiarentzat. Olivares konde-dukeak, hondamendiak eragin sakona izan zuen harengan, zalantzan jarri zuen Okendo agintari nagusi izendatze hura, azpimarratuz gainera haren historialean izandako zorigaiztoko gertakariak aintzat ez zirela hartu –Okendok jasandako hondoratzeei eta galdutako ontziei buruz ari zen, zalantzarik gabe–, eta azkenean honela eman zuen aditzera bere samindura: "Kapitainek zortea izan behar dute". Porrot hartatik hilabete gutxira hil zen A Coruñan XVII. mendeko marinel espainiarrik ospetsuenetakoa izana. Informazio gehiago.

P

PELLOT-MONTVIEUX, Etienne (Hendaia, 1765-1856). Kortsaria. 13 urte besterik ez zituelarik, Estatu Batuetako independentziari lagunduz ingelesen aurka borrokatzen ziren kortsarietako batean itsasoratu zen. 1782. urtean D'Albarade itsasontzian sartu zen, eta bertan ia bi urteko kanpaina burutu zuen Atlantiar eta lndiar Ozeanoetan zehar. 1793an preso hartu zuten ingelesek, baina ihes egin eta Baionara ailegatzea lortu zuen. Berehala itzuli zen kortsari lanetara, eta ontzi desberdinen agintean egonik, hogeitaka ontzi ingeles, portugaldar eta espainiar harrapatzea lortu zuen. Bi bider gehiagotan atxilotu zuten ingelesek, baina berriro ere ihes egitea lortu zuen. 1812. urtean kortsaritza utzi eta 1843an Ohorezko Legionaren saria eman zioten. Hendaian hil zen.

PÉREZ, Mariana: Migel Ariztegieta galeoi ekidatzaile ospetsuaren emaztea. Alargundu zelarik, senarraren lan amaitu gabeaz jarraitu zuen, Lehorreko kapitana eta almiranta gisa proiektatutako bi ontzi amaitzeko. 1679an, Indietako Ibilirako baliogabetzat jo zituzten neurri handiko galeoi hauek. Mariana Pérezen arabera, kontratugile familia honi hondamendia ekarri zion galeoiak baztertze honen azpian euskaldunen eta andaluziarren arteko lehia zegoen, eta, batez ere, Sevilla eta Cádizko merkataritzaren presioa.

PÉREZ DE HOA, Martin. Pilotua. Frantziaren aurkako korsu gerran parte hartu zuen (1552-1555).

PÉREZ DE MUTIO, Joan. Itsasoko kapitain. Jose Ignacio Tellecheak honela laburtu zuen haren historiala: "1574az geroztik Erregeren zerbitzuan zegoen, eta itsasoko ekintza guztietan agertzen zen. Meléndez Avilésen Armadako kapitaina izan zen Santander ondoan (1574), eta baita San Migelera eta Terceira-ra joan ziren bi armadetakoa ere (1582-83). Ekintza honetan bere ontzi batez hartu zuen parte, 400 tonako María de San Vicente izenekoaz, eta Lope de Figueroa zelaiko maisuari lagundu zion lehena izan zen, hau San Mateo Errege Almiranta galeoian baitzihoan, Santa Cruz-ekin batera Felipe Strozziren agindupeko Kapitana eta Almiranta frantsesen aurrean etsitzear zegoenean. Geroago, Ingalaterrako Jornadan kapitain eta itsasoko jendearen agintzaile aritu zen, 800 tonako bere Santa Ana ontziaz, hauxe baitzen Rekalderen Eskuadrako kapitana; ontzi hau Gracieko abran (Frantziako kostaldea) galdu zuen"[ TELLECHEA IDÍGORAS, J. Ignacio: Otra cara de la Invencible. La participación vasca, Grupo Dr. Camino de Historia Donostiarra, Donostia, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipala, 1988, 684. or.].

PÉREZ SAN JUAN, Yolanda (1957). Arrantzalea. 1982an hasi zen arrantza jardueran, itsasbazterreko arrantzarako Mi felicidad arrantza-ontzian. Beti familiaren jabetzako kostaldeko arrantzarako ontzietan aritu da, Jorge Antonio Padilla senarrarekin batera. Arrantzako patroi, kostako mekanikari, yateko patroi eta ontziko irratitelegrafista murriztu eta balioaniztun tituluak dauzka.

PRADERA LARUNBE, Luis. PYSBE bakailao-enpresa handiaren fundatzaile, akziodun eta lehen presidentea. Enpresa hau Pasai Donibanen jarri zen 1919an, baina egoitza soziala Donostiara igaro zen 1930ean, eta bertan segitu zuen, 1974an sozietatearen porrota heldu zen arte. Luis Pradera enpresaren presidentea izan zen, 50eko urteetan oso aurrera egin arte.

R

RENAU D'ELlSAGARAY, Bernard (Arrnendaritz, 1652-1719). Itsasontzi eta gotorlekuen ingeniaria. Ontzigintzaren tekniketan gazte hasi zen oso. 1680. urtean Alger eta Genoako setiaketetan (1682-84) Frantziako Itsas-Armadak arrakasta handiz erabilitako lehergailu batzuk diseinatu zituen. Ondoren, Philipsbourgen setiaketa zuzendu zuen lehorretik (1688). ltsas-Armadako lkuskatzaile Nagusi izendaturik, erregearekin batera izan zen Mons eta Namurreko setiaketetan (1691-92). Tourvillerekin batera ontziraturik, La Hogueko gerratean hartu zuen parte (1692), 30 itsasontzi hondamenditik Iibratzea lortuz, eta gero Lagoseko ihardunaldian aholkuak eman zizkion (1693), ehun bat ontzi ingeles harrapatu edo suntsitu zituelarik. Aurrerago, Antilla irletan gotorlekuak eraiki eta zenbait portu espainiarren defentsaguneak indartzearen ardura hartu zuen bere gain, Gibraltarren setiaketan ere eskuhartuz (1704-05), Maltara joan zen irla hura defentsarako egoeran jartzearren, turkiarren mehatxuak zirela eta. 1715. urtean Estatuko ltsas-Armadako kontseilari izendatu zuten. Zientzien Akademiako kide 1699az geroztik eta Théorie de la manoeuvre des vaisseaux idazlanaren eta zientzia arloko beste artikulu batzuen egilea izan zen. Paben hil zen.

ROMARATE, Jacinto de (Sodupe, 1775- 1835). Ontzitalde burua. 1792. urtean sartu zen Itsas-Armadan. Toulonen aldezpenean parte hartu zuen (1793) Konbentzioaren aurka. Ameriketatik zehar ibili zen xede desberdinekin, eta 1804. urtean Montevideoko gerraontzi-portuari lotuta geratu zen. Buenos Aires ingelesen aurka defendatzen aritu zen (1806-07) eta independentziazale argentinarren aurkako itsas-ekintzak zuzendu zituen (1810-14). Penintsulara itzuli ondoren brigadier mailara goratu zuten. ltsas ministraria izan zen liberalen garaian (1822-23), baina gero kargurik baztertua izan zen. 1830.ean Bilboko ltsas-Armadako komandante izendatu zuten. Gerra Karlistan Kantauri Itsasoan guda lanean ihardundako ontzitaldea bere gidaritzapean izan zuen (1834-35). Ontzitalde buru izatea lortu zuen 1835eko urtean, eta handik gutxira hil egin zen Madrilen.

ROVERE ARBOLANTXA, Mariana. Domingo Etxeberriren emaztea. Alargun geratu zenean, jaraunspenez hartutako itsasoko negozioak zuzendu zituen. Jatorri holandarrekoa zen. Agirietan, Rober edo Roover abizenaz ere ageri da.

RUIZ, Alfredo (1923-2008). Groseko auzoan jaio zen; han gurasoek, sozialistak ziren, elikagai-denda bat zeukaten. Gerra Zibilean Ingalaterrara ebakuatutako haurretako bat izan zen. Mundu Gerra aurrera zihoala, 1943ko maiatzean boluntario aurkeztu zen indar britainiarretan sartzeko. Royal Navyren kostaldeko indarretara bidali, eta ML (Motor Launches, Fairmile B motakoak) flota batera destinatu zuten; ontzi arinak ziren, torpedo eta sakonera-kargaz hornituak. ML 147 ontzian ari zela –hau 12 unitateko flota bateko kapitana zen– hainbat misiotan hartu zuen parte, besteak beste radar operadore gisa. Mantxako Kanalean hornidura-ontziak eskoltatzen zituzten, eta Amerikatik iristen ziren konboien babesa sendotzen zuten. Kostaldeko uretan patruila lana egiten zuten, urpeko alemaniarren bila. Normandiako lehorreratzea baino egun batzuk lehenago, mina-eremuak balizatzeko lana egin zuten. Lehorreratzeko egunean, ML 147 ontzia lehen oldarrean sartu zen flotako kapitana gisa, tanke kanadarrak lehorreratzeko txalupak gidatuz eta eskoltatuz Juno hondartzaraino. Gerra amaitu arte beste ontzi operazio batzuetan parte hartuko zuen, 1946ko ekainean desmobilizatu zuten arte. 1939/45eko izarraz, Atlantikoko Batailarenaz eta Britainiar Uharteen Defentsaren dominaz kondekoratu zuten [RODRÍGUEZ, Mikel: “Alfredo Ruiz, un español en el día D”, Historia 16, 379. zk., 2007ko azaroa, 45-55. orr.]..

RUIZ DE AVENDAÑO, Martín (Arratia, XIV-XV. m.). Marinela. 1405. urtean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Gaztelako 40 ontzik osatutako taldea gidatu zuen, Ingalaterraren aurka Frantziako erregeari laguntzeko antolatua zegoena. Bere ontzidiaren buruan zihoalarik, eraso egin zien etsaien merkatal-ontziei Akitaniako eta Ingalaterra bertako kostaldean, egundoko arrakasta lortuz.

S

SADA Y ANTILLON, Miguel (Tutera, 1676-1741). Itsas-Armadako teniente jenerala. Eskoziarrak Darienetik bidaltzeko espedizioan (1700), ingelesen eta holandarren aurka Cadizen aldeko defentsan (1702) eta Velez-Malagako gerratean (1704) parte hartu zuen. lndietako ontziterian (1706-07) eta Blas de Lezoren ontzitaldean eskaini zituen zerbitzuak, azken honekin zenbait harrapaketa egin zituelarik Mediterranioan. Mallorkako errekonkistan (1715) eta Siziliarako espedizioan (1718), Pessaro lurmuturrean menderatua izan zen hartan, hartu zuen parte. Oranen menperaketan (1732) eskuhartu ondoren, teniente jeneral mailara igo zen 1734.ean. Cartagenako Departamentuko komandante jeneral izendatu zuten 1735ean, eta horren ostean Mediterranioko ontzidia gidatu zuen (1740-41). Cartagenan hil zen.

SALA, Antoine (Baiona, 1897-1973). Almirantea. 1916. urtean sartu zen Itsas-Armadan eta Ekialdean zerbitzatu zuen. Hegazkin-pilotu titulua eskuratu zuen. II. Mundu Gerraren garaian, bake-itunaren ostean leial jarraitu zuen Vichyko gobernuarekiko. 1943. urtean guduan ari zen Frantziarekin bat eginez, kruzero-ontzi arinen talde bat bere ardurapean hartu eta Egeo eta Adriatiko itsasoetan ontzi alemaniarren aurkako raid ausartak burutuz nabarmendu zen (1943-44). Kontralmirante mailara iritsi zen 1944eko urtean eta almiranteorde mailara 1950ean, 1951.ean Mediterranioko ontziteria bere eskuetan eduki zuelarik. 1956. urtean almirante izendatu eta handik bi urtetara utzi egin zuen bere kargua. Parisen hil zen.

SALAZAR GARAIGORTA, Julian (?-1913). Merkantzia-ontzietako kapitain, Portugaletekoa jaiotzez. 1888an Salazar y Cía. ontzi-enpresa fundatu zuen. Donostia eta Pasaia artean, enpresa hau ikatz nazional eta atzerrikoen negozioan aritu zen, handizka, eta bere jabetzako baporeak eduki zituen horiek garraiatzeko. Aduana agentzia ere bazuen, eta enpresa espainiar garrantzitsu zenbaiten kontsignatario gisa ziharduen. 1913an hil zelarik, enpresaren jarduera mantendu egin zen bere seme Fernandoren eskuetan.

SALAZAR Y SALAZAR, Luis María de (Gasteiz, 1758-1838). Itsas-Armadako arduradun nagusia eta ministraria. 1775. u rtean sartu zen ltsas-Armadan. Algerren aurkako espedizioetan ibili zen (1775 eta 1783). Mazarredori laguntza eskaini zion Ordenanzas de la Armada lana idazterakoan. ltsasontziko kapitain izatea lortu zuen beranduago. 1807.ean Almirantego ministrari eta Itsas-Armadako arduradun nagusi izendatu zuten. Napoleonen aurkako gerran, Cadizeko Batzordeko kontseilari eta Ogasun ministrari izan zen (1812). 1832. urtera arte Itsas, Ogasun eta Estatu Ministraritzak izan zituen bere esku zenbait alditan, gainhehera nabarmenean zihoan ltsas-Armada ahal izan zuen guztia eraberrituz, Itsasoko historia, administrazio antolakuntza, ekonomi ordenantzak, eta beste hainbat gairi buruz ere lan ugari idatzi zituen.

SAN JOAN, Diego. Armadorea. 1647 eta 1668 bitartean gutxienez 12 fragata eta bi brigantin armatu zituen korsurako. 1658an bi ontzi bidali zituen Ternuko arrantzaldietara.

SALCEDO Y ARAUCO, José Justo (Portugalete, 1753-1825). Itsas-Armadako teniente jenerala. 1770. urtean sartu zen ltsas-Armadan. Ingalaterraren aurkako gerran (1780-82) eta Algerrerako espedizioan (1784) partaidetza zuzena izan zuen. Bertan zenbait harrapaketa egin zituelarik. Konbentzionalen aurka Rosasen aldeko borrokan ihardun zuen (1794), baita Cadizen defentsan ere (1798). 1805eko urtean, Carlagenako ontzitaldearen komandante izendatu eta teniente jeneral mailara goratu zuten. Napoleonek egindako menperakuntzen garaian, Valentziaren defentsan eskuhartu zuen, baina 1809.ean, José Napoleonen alderdiari batu zitzaion. Gerra amaitu ondorenean, Frantziara joan zen. 1819. urtean itzuli zen, baina baita atxilotu ere. Behin aske utzi zutelarik, San Fernandora erretiratu eta bertan hil zen.

SATRUSTEGI BRIS, Patrizio (1823-1888). Ingalaterra, Kuba eta Estatu Batuak izan zituen gazte garaiko lekuak. 1850ean Antonio López Lópezekin elkartu, eta Kubako Santiagon Antonio López y Compañía ontzi-enpresa fundatu zuten; General Armero baporea ekidatzeko enkargua egin zuten, eta horixe izan zen merkataritzako ontzi espainiarren artean izandako lehen ontzi helizedunetako bat. 1856an Espainian finkatu eta geroago Compañía Trasatlántica boteretsua izango zen enpresa honen bazkide eta gerente nagusietako bat izan zen. Enpresa honekin izan zuen zuzendaritza mailako lotura hil zen arte mantendu zen.

SOTA Y LLANO, Ramón de la (Castro Urdiales, 1857-1936). Ontzijabea. Bere familia Somorrostron jaioa zen. Zuzenbide ikasketak Madrilen egin zituen. Bere aitaren negozioetan hasi zen lanean (burdin-meategiak eta itsas-garraioa), eta haren eta Eduardo Aznar lehengusuaren laguntzaz, zenbait ontzi eskuratu zituen. Haiezaz baliatuz, Sota y Aznar Ontzi Enpresa osatu zuen 1906. urtean, eta mundu osoko garrantzitsuenetako bat izatera ere irits i zen. I. Mundu Gerran Britainia Handiarekiko itsas-merkataritzan partaidetza zuzena izan zuten bere ontziek, nahiz batzuk hondoratuak izan ziren. Ibaizabal izeneko Atoe-ontzien Konpainia ere sortu zuen. Ontzigintzan ere ihardun zuen, Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques eratu zuelarik (1900), baita beste arlo batzuetan ere, hala nola, industria, meagintza, banka, aseguruak, Korteetarako diputatu izan zen Bizkaiko ordezkari gisa. Bilbon hil zen.

SOTEROTXO. Ikusi Vaqueriza, Frantzisko.

SUHIGARAYCHIPI, Joannes de (Baiona. XVII. m.). Kortsaria. "Croisic" edo "Coursic" goitizenez ezagunagoa. Urte askotan, Antilla irletara joaten ziren merkatalontzietan ibili zen itsasoetan barrena. 1690. urtean Légére fragata osatu eta Atlantiar Ozeanoan barrena ekin zion bere kortsari-ogibide oparo horri. Sei urteren buruan, bai honekin eta bai beste ontzi batzuekin, ehundik gora ontzi harrapatzea lortu zuen, batez ere ingelesak, holandarrak eta espainiarrak. Groenlandiarako espedizioan parte hartu zuen (1693), eta bertan, Harismendy eta beste bi kortsari gehiagorekin, 35 arrantzontzi holandar harrapatu zituzten Jund badian. 1694. urtean hil zen Ternuako uretan.

T

TELLO AGIRRE, Joan. Filipinar uharteetako eskuadra bateko jenerala 1608an.

U

UGALDE ORELLA, Felipe. Seoaneren ustez, Filipinar uharteetan almirantea izan zen.

UGALDE ORELLA, Lorentzo (?-1650). Eskuadra-jenerala, Filipinar uharteak 1646 eta 1647an izan ziren holandarren inbasio ahaleginen aurrean babestu zituena. Ugaldek 1646an Caviten holandarren kontra egin borroka desorekatu hari dagokionez –izan ere, neurri handi samarreko bi galeoi besterik ez zeuzkan– Cesáreo Fernández Duro historialariak honakoa kontatu zuen: "Belan jarririk [Ugalderen ontziak], etsaiaren ontzien bila irten ziren, eta Bolinao parean lau orduz kanoikatu zituzten; denbora hau igarota, holandarrek alde egin zuten borroka eremutik, izugarrizko kalteak hartuta. Ugaldek bere bidean segitu zuen, eta zazpi ontziko beste eskuadra batekin egin zuen topo; zorionez, Marinduque inguruan kontra bidali zizkioten suzko bi hondoratu zituen, eta gerrako beste bostei aurre egin zien, Cavitera erretiratuz atzean inor ez zeramala. Horregatik bigarren garaipen gisa ospatu zuen, ez baitzuen arrazoirik falta, izandako borroka desorekatu hura" [FERNÁNDEZ DURO, Césareo: Armada española desde la unión de los reinos de Castilla y de Aragón, Madril, 1972, 4. lib., 424. or.]. Lau urte geroago, Lorentzo Ugalde itota hil zen Samal uhartearen ondoan (Mindanao), bere San Francisco Javier galeoia hondora eraman zuen ekaitz baten ondorioz.

URANZU, Martin de (Errenteria, XVI. m.). Itsas-Armadako jenerala. "Errenteriako Matxin" ezizenez ezaguna. Zenbaitzuk Mungian jaio zela diote. Bere lehendabiziko ekintza nabarmena Bizargorrik inguraruta zuen Bujia hiriaren alde borrokatzea izan zen (1515). Ozeanoko Itsas-Armadako jeneral izatera iritsi zen 1526. urtean. Ezin konta ahala guda burutu zituen turkiar eta itsas-Iapurren aurka. Tunez indarrez hartu zutenean ere bera han izan zen (1535). Azkenik, Bizargorrik harrapatu eta lepoa moztu zion Castelnuovon (1539).

URANZU, Pelegrin de (Irun, XIII. m.). Marinela. Sevillaren setiaketan eta menperakuntzan (1247-48) parte hartu zuen Bonifaz almirantearen ontzidiaren itsasontzi bat bere agindupean eduki zuen. Bere ontziaz eta bestee batez Guadalquivir ibaian Triana parean hesia osatzen zuten ontziska eta oztopo lerroa apurtzea lortu zuen (1248), Sevillak amore ematea erraztuz. Hori dela eta, borroka hartan saiatuenetako bat bezala hartua eta saritua izan zen. Bere izen propioaz Historian sartzen zen lehen euskal marinela izan zen.

URBISTONDO EGIA, Antonio (1808-1857). Erregeren mutil 1803 eta 1819 bitartean. Granadako San Bartolomé y Santiago eskolan ikasi zuen, eta gero Oñatiko Unibertsitatean. Honetan, ikasleen gazteria liberalari elkartu zitzaion. Alabaina, 1821ean altxamendu erregezalearen alde agertu zen. Gero kausa karlistari atxiki zitzaion, eta Kataluniako komandante jeneral izendatu zuten. Bergarako Hitzarmena bultzatu ondoren, erregina amaren erregeordetzaren aldeko mugimenduarekin bat egin zuen. 1850ean Filipinar Uharteetako gobernadore eta kapitain jeneral izendatu zuten. Han, hurrengo urtean, itsaslapurren erasoaldi ugariren gune ziren Jolo uharteetako indigena musulmanen altxamenduari egin behar izan zion aurre. Horretarako, bost gerraontzi -horietako hiru bapore gurpildunak ziren-, bi kanoi-ontzi eta bederatzi faluaz osatutako flota bat antolatu zuen; osterantzean, hainbat fragata, brigantin eta ontzi indigena zeuzkan, garraio lanetarako. Guztira bildutako indarrak 6.000 gizon baino gehiago ziren, soldaduak eta marinelak kontatuta. Kanpainaren arrakasta ikusirik, Gorteek San Fernandoren eta Karlos III.aren gurutze handiez saritu zuten Urbistondo. 1853 arte segitu zuen Filipinetan. 1856an Gerrako ministro izendatu zuten. Informazio gehiago

URESBERUETA, Jose Xabier (1849-?). Zarauzkoa jaiotzez. Bederatzi urte zituela Donostiara etorri zen bizi izatera. Arrantzalea eta bi txalupa tradizionalen jabea, berau izan zen Donostian itsasbazterreko arrantzarako bapore txikiak sartu zituena: 1900ean Pierre Mari baporetxoa erosi zuen Donibane Lohizunen, eta Denok-bat izena jarri zion.

URGOITI, Nikolas. 1882an kapital donostiarraz eta madrildarraz eratutako arrasteko arrantzarako Nicolás Urgoiti y Cía. enpresaren zuzendari, administratzaile eta bazkide fundatzailea. Sozietate hau 1888an desegin zen.

URDANETA Y CERAIN, Andrés de (Ordizia, 1508-1568). Itsasgizon eta kosmografoa. Oso gaztetatik landu zuen matematika eta astronomiarekiko zuen atxikimendua. 1525. urtean Loaysa eta Elkanok Moluka irletara egindako espedizioan itsasoratu zen. Bertan preso egin zuten portugaldarrek (1529), eta Penintsulara 1536.ean itzuli zen. Espainia Berrira (Mexiko) joan zen 1538ko urtean, eta Alvaradok Sartaldeko irletara (Filipinak) egin zuen espedizio ustel hartan eta Camargok Txilera egin zuen beste hartan parte hartu zuen. 1552an San Agustinen ordlenean sartu zen, bere ikasketa eta ikerkuntzei jarraipen emanez. 1559.ean Felipe II. erregeak Sartaldeko irletara egin beharreko espedizio batean parte har zezala proposatu zion. Gorabehera askoren osteano espedizioa Mexikotik abiatu zen 1564. urtean Legazpiren agindupean. Urdanetaren zuzendaritzapean egin zen itsas-bidaia hori arrakastatsua izan zen oso, eta batere eragozpenik gabe iritsi ziren irletara. 1565ean itzuli zen berriro Mexikora espedizio haren lehenedabiziko berriak ematera, eta gero, Espainiara joan zen, erregeari horren berri jakinaraztera. Atzera itzuli zen berriz Mexikora eta bertan hil zen. Informazio gehiago.

V

VALLECILLA, Martín de (Portugalete, XVI-XVII. m.). Itsas-Armadako jenerala. "Itsas-Armada Garaitezinean" (1588) zerbitzatu zuen Gipuzkoako ontzitaldearekin. 1619. urtean, ordurako Itsas-Armadako jeneral zelarik, Bizkaiko ontzitaldea antolatu eta gidatzearen ardura bere gain hartu zuen. Harekin Holandako ontzitalde indartsu bat garaitu zuen Atlantiar Ozeanoan. 1629ko urtean beste ontzitalde baten agintea hartu zuen eta Antilla irletan ihardun zuen ingelesen aurka borrokatzen. Veracruzen hil zen 1636. urtean.

VAQUERIZA, Frantzisko (1889-?). Itsasbazterreko arrantzalea, "Soterotxo" esaten ziotena. Donostiako traineruaren patroi gisa, Kontxako estropadak irabazi zituen 1915 eta 1922an.

VEGA DE SEOANE ETXEBARRIA, Antonio. Meatzaritzako injineru eta enpresaria, 1920tik aurrera arrantza-ustiapenarekin lotutako merkataritzako hainbat sozietatetan parte hartu zuena. 1922an, Frantzisko Andonaegi, Julio Ziganda eta Gerardo Cayuelarekin batera, Donostiako Armadore eta Arrain Esportatzaileen Elkartearen fundazioa sustatu zuen; elkarte honek arrainaren erosketa, salmenta eta esportazioan ziharduen. Donostiako alkatea izan zen 1923 eta 1924 bitartean.

VERA IBARGOIEN, Domingo. Antonio Berrio kapitainaren zelaiko maisua. Honekin batera aritu zen Guyanako lurraldean El Doradoren bila. Trinidad uharteaz jabetu zen, eta San José de Oruña fundatu zuen 1592an. Toki mitiko hura Orinokoren ibaiadar Caronin zehar nabigatuz aurkitzeko 35 soldaduz egin espedizio batean buru izan zen Vera. Indioen urrezko hiria aurkitu zuela esanez, Espainiara itzuli zen 1594an, Erregerekin tratua egin eta soldadu gehiago erreklutatzeko. Ameslari baten buruberokeriaz, 1.500 gizon eta 28 ontziko espedizio bat sustatu zuen. Erregek ere parte hartuko zuen horretan, 70.000 dukat jarri baitzituen. 1595eko Pazkoan iritsi ziren Trinidad uhartera, baina han ez zuten hainbeste jenderentzako ez hornigairik ez toki egokirik aurkitu. Gosearen goseaz, indioen kontrako borroketan murgildu ziren, eta matxinada eta liskar etengabeetan. Asko eta asko hilko ziren lurralde haietan. Literaturako Nobel saridun V. S. Naipul idazleak Berrio eta Veraren abentura zoroa aipatu zuen La pérdida de El Dorado obran (1969).

VEROIZ. Ikusi Beroiz

VIDASOETA, Tomas. Korsuko armadorea, 1645 eta 1677 bitartean aritua. Bere kontura edo beste bazkide batzuekin batera 9-10 fragata eta hiru brigantin armatu zituen.

VIDAZABAL, Miguel de (Mutriku, 1558-1623). Almirantea. Kortsari turkiar, ingeles eta holandarren aurka borrokatu zen. Ontzitalde baten buruan, laguntza ugari gidatu zuen Lisboatik Flandesera (1614). Mogadorreko ekintzan, Mamoraren menperakuntzan eta turkiarren aurkako zenbait topaketetan izan zen. 1618. urtean Kantabriako ontzitaldearen almirante izendatu zuten, eta harekin ontzitalde veneziar bat bidali zuen Gibraltarreko itsasartetik. Itsasoan hil zen, Indietako galeoien zaintza bere ardurapean zuelarik.

VILLAFRANCA, Martin (Donostia, XVI. m.). Izen eta abizen berarekin ageri dira Villafranca familiako hiru kide: aitona, semea eta biloba, ontzi-jabe eta kapitainak guztiak. Guk "semea" esan diogun Martin Villafranca maisu aritu zen 945 tonako bere Santa María de Rosa ontziaz, Armada Handiak 1588an Ingalaterra inbaditzeko egin zuen ahaleginean. Ontzi hau, Migel Okendoren eskuadrako almiranta zen eta Donostian ekidatua, Blasket Sound-en hondoratu zen, Irlandatik hegoaldera. Hondoratze horretan, Villafranca beraz gain, beste 300 gizon inguru -25 bat donostiarrak- hil ziren. Ontzi-hondarretik ateratako gauzetako batzuk Ulsterreko Museoan (Belfast) daude gordeta. Villafranca honen semeak, 14 urte zituenetik aurrera, Atlantikoaz bestaldeko arrantzaldietan hartu zuen parte. 1615ean, ekaitza gogor baten ondorioz Islandiako kostetan naufragatu ziren Donostiako hiru baleontzien agintean zihoan. Hainbat gorabeheren ondoren, bizirik atera ziren 83 gizonetatik 32 oso modu bortitzean hil zituzten inguru hartako biztanleek. Heriotza honek Jón Gudmundsson-en olerki epiko bat eragin zuen. Informazio gehiago.

VILLAR GURRUTXAGA, Julio (Donostia, 1943): Alpinista eta nabigatzaile autodidakta, zazpi metroko belaontzi batez (serieko Supermistral bat) munduari bakarka buelta eman ziona. 1968ko apirilean Bartzelonatik abiatu eta 1972ko uztailean Lekeitiora iritsi zen, 38.000 milia egin ondoren. Villar aitzindaria izan zen Espainian mota honetako nabigazioan. Bidaia honen inguruan Eh, petrel! Cuaderno de un navegante solitario liburua idatzi zuen, oso kalitate poetiko handikoa bera eta 1974an argitaratua.

VILLAVICIOSA, Juanot de (Lezo, XVI. m.). Almirantea. Miguelen semea, "Zaharra" izengoitiaz ezaguna. Lehendabizi, Infanteriako ofizial izan zen, eta gero, itsasoan aritu zen borrokan. Frantsesak bidali asmoz Menéndez de Avilések Floridara egindako espedizioan parte hartu zuen (1565-66). 1582an Gipuzkoako ontzitaldearen agintaritza eskaini zitzaion Azore irletara egin beharreko espedizioan, baina uko egin eta nahiago izan zuen bere itsasontzi propioarekin joan. Espainiako ontziteriak Frantziakoa garaitu zuen Punta Delgadan, eta hain zuzen, gerrate horretan hil zen Villaviciosa (82-VII-26).

VILLAVICIOSA, Miguel (Pasaia, XV. m.). Militarra eta marinela. Lehorrean eta itsasoan borrokatu zen. Loja hiriari egindako erasoaldian nabarmenclu zen (1486). Indietarako itsasbidearen lehen jenerala eta XVI eta XVII. mendeetan ospetsuak egin ziren marinel leinu luze baten lehenengoa izan zen.

VIZCAINO, Sebastián (Enkarterriak, g.g.b. 1548-1628?). Esploratzaile eta mapagilea. Zenbaitzuk Extremaduran jaio zela diote. Gaztetan Mexikora joan zen. Filipina irlak bisitatu eta bertakoekin merkataritzan aritu zen. 1596. urtean Kalifornia Behereako penintsula aztertu zuen espedizio baten agintea bere esku utzi zuten. 1602-03an beste espedizio berri bat gidatu zuen Kalifornia Beherea eta Garaiko kostaldea aztertuz: hango leku askok berak ezarri zien izena gorde dute oraindik. San Diego badia arakatu zuen, Monterreykoa aurkitu zuen eta San Frantziskotik iparralderago iritsi zen, lehendabiziko aldiz leku hauen mapak eginez. 1611. urtean Japoniara joan zen, herri horretara enbaxada bat eramanez. Mexikora itzuli zen ondoren eta han egin zituen bere azken urteak. [Editorearen oharra: azken ikerlanen arabera, S. Vizcainoren jaiolekua Extremaduran kokatzen da].

Z

ZARRAGA BREOGÁN, Frantzisko. Armadore kortsario garrantzitsuenetako bat izan zen. 1624an korsuan hasi aurretik, zazpi urtez errege ofizial lanetan aritu zen Itsasoko Gerraren Idazkaritzan. Itsasoko Armadaren, Flandeskoaren eta Gipuzkoaren hornitzailea ere izan zen. Bere memorialetako batean, Zarragak zioen ezen 1624 eta 1638 bitartean 26 ontzi, patatx eta fragataz zerbitzatu zuela, eta Donostiara 60 harrapakin baino gehiago eraman zituztela, hondoratu zituztenak edo hondartzera behartuak kontatzeke. 1633an Santiagoren intsignia eman zioten.

ZELARAIN, Felipe. Ontzigilea, Koroarentzat kontratista gisa lan egin zuena. Antonio Gaztañetaren zuzendaritzapean, Errenteriako Basanoaga ontzioletan San Isidro eta San Juan Bautista ontziak ekidatu zituen; hauek 1716an uretaratu zituzten. Bere anaia Simonekin batera, hau ere ontzigilea baitzen, hiru gerraontzi hasi zen egiten Pasaian, baina Berwickeko dukearen gudarosteek erre egin zituzten 1719an, artean amatzeke zeudela. Informazio gehiago

ZELARAIN, Simon. Kapitain eta ontzigilea, batez ere partikularrentzat aritu zena. Orioko eta Pasaiako badiako ontzioletan egin zuen lan, eta batzuetan bere anaia Feliperekin batera aritu zen. Informazio gehiago

ZUBIA, José María de (Zumaia, 1809-1866). "Mari" edo "Aita Mari" ezizenaz ezaguna zen arrantzalea. Zumaiakoa jaiotzez, arrantzale-txalupa bateko patroi gisa finkatu zen Donostian. Behin baino gehiagotan, bere bizia arriskuan jartzea fortunatu zitzaion, itsasoan galdutakoen salbamenduan; horrelako ekintza sonatuena 1861eko uztailaren 13koa izan zen. Serapio Mugicak kontatzen duenez, egun horretan "beste bederatzi marineleko tripulazioa zeraman txalupa batean patroi zela, itsaso bortitz eta ikaragarrian barrena abiatu zen, eta Zurriolako arroken artetik atera zituen, bizirik, olatuek haitzen kontra txikitutako txalupa batekoetako batzuk" [MÚGICA, Serapio: “Provincia de Guipúzcoa”, non: CARRERAS CANDI, F. (zuz.): Geografía del País Vasco-Navarro, Establecimiento de Alberto Martín, Bartzelona, c. 1922, 895. or.]. Mari eta bere lagunek Ongintzaren Gurutzea jaso zuten, balentria honengatik. 1866ko urtarrilean itota hil zen, Santa Klarako uhartetik hurbil arrisku larrian zeuden beste marinel batzuei laguntzen saiatu zenean.

ZUBIAUR EDO ZUBIAURRE, Pedro de (Zearrotza, g.g.b. 1541-1605). Itsas-Armadako jenerala. Bilbo eta Flandes arteko joan-etorriak egiten zituzten ontzidietan ibili zen lehenik, eta bi alditan harrapatu zuten ingelesek. 1590az geroztik, itsasontzi arinen taldetxo baten buruan, ingelesen, frantsesen eta holandarren aurka aritu zen, ezin konta ahala harrapaketa eginez. 1593.an Bordelen alde borroka egitera joan eta Blaye-ren ontzitalde ingelesa menperatu zuen. 1601ean, Irlandako matxinada bultzatzeko gudalosteak eraman zituen. Ondoren, Indietako ontzidien bizkarrak zaintzen eta kortsariekin borrokatzen ihardun zuen denboraldi batez: 1605ean Lisboatik irten zen 10 ontzirekin, Dunkerkera gudalosteak eraman asmoz. Mantxako Kanalean 80 ontzik osatutako ontzitalde holandar batek eraso egin zion. Zubiaurrek bere burua arriskuan jarri zuen, bere bi itsasontzik garraioak atzera eramatea babestuz, eta bertan hil zen. Informazio gehiago.

ZUFIAURRE, Frantzisko (?-1926). "Kiriko" ezizenez ezaguna zen arrantzalea, Donostiako traineruaren patroi gisa ospe handia lortu zuena, Kontxako ohorezko bandera eskuratu zuen eta 1891, 1892, 1894, 1918 eta 1920an. Getariakoa zen jaiotzez, eta zortzi urte zituela Donostiara etorri zen bizi izatera.

ZULOAGA, Lukas. Santiago Agustin Zuloagaren biloba. Armadako kide gisa, eskuadrako buru mailara iritsi zen.

ZULOAGA, Santiago Agustin (1715-1780). Armadako ofiziala. Matematika eta pilotu prestakuntzan bere osaba Jorge Etxebarria ontzi-tenientearekin hasi zen. Itsasmutila zen 1729an, eta pitinka-pitinka marinel, itsasoko artillero, pilotu-mutil, bigarren pilotu, lehen pilotu, fragata-teniente, ontzi-teniente eta, azkenean, 1773an, fragata-kapitain maila lortu zituen. Antilletan eta Mediterraneoan zehar nabigatu zuen, eta suzko bataioa 21 urte zituenean helduko zitzaion, Buenos Airesa soldaduak eramateko espedizio batean, ontzi portugaldarren kontrako liskarrak sortu ziren eta bertan, pistola bidezko borrokak tartean. 1751n, Jose Iturriagak antolatutako Orinokoko mugetarako espedizioan parte hartu zuen fragata bateko agintea eman zioten. Espedizio ospetsu honetan kapitain, pilotu, maisu eta kontatzaile nagusi gisa jardun zuen, kartografia lanak ere eginez ostean. 1756an Cádizko Guardamarina Akademiara bidali zuten, maniobra maisu gisa. Kargu honetan urte asko emango zituen. Maria Dolores González-Ripollek dioenez, "Zuloagak oso jarduera pedagogiko garrantzitsua garatu zuen Cádizen, eta honen emaitza Cartilla marítima para la breve instrucción de los guardiamarinas lanaren erredakzioa izan zen; hau 1763an inprimatu zuten, eta 1778an berriro editatu zuten. Honetaz gain, Tratado de maniobras navales lana argitaratu zuen, eta nabigazioko beste profesional batzuen lanean eragin zuzena izan zuen, esate baterako Antonio Gabriel Fernández edo Gabriel Ciscar-enean" [GONZÁLEZ-RIPOLL, María Dolores: Bolbora eta izarpean. Txurruka eta Ilustrazioko beste itsasgizon euskaldun batzuk, Untzi Museoa, Donostia, 2000, 181. or.]. 1759an Karlos III.a Napolitik Bartzelonara ekarri zuen Fénix ontziko ofizialen artean zegoen. Erregeren bidaia honi buruz idazteko unean, Zuloagak aukera izan zuen literaturarako zeuzkan dohainak agerian uzteko: "Neptunok ez zuen apar aldaberen gainean agertu nahi izan, bere aurpegi bustia eta bizar likido eta gardena erakusteko; ez zen ausartu ozeanoa geldirik egon zedila agintzen ere, zeren eta ulertu baitzuen bere inperioa ezertarako ez zela izango, eta bere hiruhortzeko ospetsua alfer eta distira gabe geratuko zela. Itsasoko olatuak senez bezala zebiltzan joan-etorrian, aparrez elurtutako bolumen gisa Fénix ukitu orduko desegitean (...)" [GARMENDIA ARRUABARRENA, Jose: Vascos en Cádiz (siglos XVII-XVIII), Grupo Dr. Camino de Historia Donostiarra, Donostia, 1986, 183. or.]. Informazio gehiago

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.
16:00etatik 19:00etara (ekainaren 15etik irailaren 15era)

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...