Euskal Itsas Museoa

Getaria-Sevilla itsas ibilaldiaren aurkezpena

getaria.sevilla2

2019/09/10. Getaria eta Sevilla arteko itsas ibilaldia belaontzian, munduaren inguruko lehen birari lotutako gaurkotasun gaiei buruzko hausnarketa egiteko egitasmoaren aurkezpena Euskal Itsas Museoan.

  • Ibilaldia Pottoka belaontzian egingo da, lau etapatan, irailaren 15etik urriaren 11a bitartean
  • Arlo profesional oso desberdinetako 16 tripulatzailek hartuko dute parte, Unai Basurkoren gidaritzapean
  • Lau gairen inguruko hausnarketa egingo dute: euskaldunak eta itsasoa, itsasoa eta iraunkortasuna, teknologiaren eragina garapenean eta kultur aniztasuna

Irailaren 15a eta urriaren 11a bitartean, lau etapatan banatutako itsas ibilaldia egingo da Getaria eta Sevilla artean, munduaren inguruko lehen birari lotutako gaurkotasun gaien inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko aukera izango da: euskaldunek itsasoarekin duten harremana, itsasoa eta iraunkortasuna, zientzia eta teknologiaren eragina gizartearen garapenean, eta kultura aniztasuna zein mundializazioa; gai horien inguruko hausnarketa egingo dute oso profil desberdinetako 16 tripulatzailek, Pottoka belaontzian, Unai Basurko kapitain dutela.

Itsas ibilaldiaren sustatzaile Elkano 500 Fundazioak munduaren inguruko lehen birak gizaterian eragin zituen aldaketen inguruan oinarritzen du bere jarduera, eta horien artean, pentsamenduaren arloa. "Geografía-, kultura- eta gizarte-erreferentzia berriek mundua pentsatu eta ulertzeko modu berriak ekarri zituzten", esan du Fundazioko zuzendari Ion Irurzunek ekimenaren aurkezpenean. Bere ustetan, itsasoak eta nabigazioak baldintza egokiak sortuko dituzte egungo gizartea eta orain dela 500 urteko gertakariak lotzen dituzten gaien inguruan hausnarketa egiteko. "Ixiltasunak, espazio mugatuak eta elkarbizitzak testuinguru egokia sortuko dute sormenerako eta banakako zein taldeko hausnarketarako", azaldu du Irurzunek. Etapa bakoitzeko tripulazioa osatuko duten pertsonen aniztasunak aberastu egingo du azken emaitza: Elkano 500 Fundazioak dokumentala eta argitalpen bat ekoitziko ditu, itsas ibilaldian ikasitakoa zabaldu eta gizartearekin partekatzeko helburuarekin.

Ion Irurzunekin batera aurkeztu dute ekimena gaur, Donostiako Euskal Itsas Museoan, Unai Basurko nabigatzaileak eta tripulazioko bi kidek: Virginia Garc, astronomoa, Peyo Lizarazu, surflaria eta Xabier Alberdik, Euskal Itsas Museoko zuzendariak.

Ibilaldi – pentsamendu-espazioaren irteera ofiziala irailaren 15ean, igandea, izango da, 17:30etan, Getariako portutik. Eta gainera, orain 500 urte munduari bira eman zion espedizioaren itsasoratzea gogoratzeko Juan Sebastian Elkanoren jaioterrian ospatuko den Elkanoren Itsasoratzea jaialdiaren barruan egingo den irteera sinbolikoan parte hartuko du Pottoka belaontziak.

getaria-sevilla3  getaria-sevilla1

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.
16:00etatik 19:00etara (ekainaren 15etik irailaren 15era)

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...