Euskal Itsas Museoa

LEOPOLDINA ROSA: Gaur egungo istorio bat

post_instagram_reducido

Prentsa oharra

Euskal Itsas Museoak “Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat” aurkezten du, migrazioen iraganari eta orainari buruzko hausnarketa bat.

  • Erakusketa 2021eko ekainaren 13ra arte dohainik bisitatzeko aukera izango da.

  • Museoak, lehen solairuan, “Leo eta Dinarekin Odisea”  migrazioari buruzko gazteenentzako esperientzia diseinatu du.

  • Erakusketarekin batera, bisita bereziez, tailerrez eta topaketez osaturiko programazio mardula antolatu du museoak

Euskal Itsas Museoak, gaur goizean, “Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat”, erakusketa aurkeztu du Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak ekoiztutakoa eta bertatik ekarria izan dena.

Erakusketa honi izena ematen dion “Leopoldina Rosa” fragataren espedizioa Baionatik abiatu zen, euskal migratzailez beteta, eta Uruguaiko kostaldean hondoratu zen 1842an. Bidaia horrek XIX. mendeko euskal migrazioa eta gaur egun indarrean dauden migrazio-prozesuak aztertzeko balio du. Erakusketaren komisarioa, Mikel Alberdi Zumalakarregi Museoko artxibo eta dokumentazio arduraduna izan da, eta bere helburua migrazio-prozesu konplexura hurbiltzeaz gain, jendea hausnarketara gonbidatzea izan da.

Eraikinaren beheko solairuan dago erakusketa eta, Espainia, Frantzia eta Uruguaiko hainbat instituzioekin elkarlanean lortutako dokumentuez osatzen da ibilbidea. Erakusketan zehar, ikusentzunezko edukiek, migrazioaren esperientzia lehen pertsonan kontatzen dute, bisitariarekin lotura lortze arren. Ikusleak  XIX. mendeko pertsonaien bizipenak lokuzioen bitartez entzungo ditu eta egungo esperientziekin alderatu ditzake ikusentzunezkoei esker.

Harkaitz Millan diputatu sozialistak adierazi du “erakusketak izaera pedagogiko argia duela, migrazio-prozesuetako protagonistekiko enpatia sustatu nahi dela.

Bestalde, Euskal Itsas Museoak Zumalakarregi Museoaren migrazioan proiektua osatu nahi izan du, eta migrazioak itsas munduko ikuspegitik aztertu ditu. Honela, erakusketak, herrialde ezberdinetatik Gipuzkoako itsasaldeko herrietara migratu duten zenbait pertsonen testigantzak biltzen ditu: marinelak, arrantzaleak, saregileak eta sukaldari bat.  Xabier Alberdi museoko zuzendari zientifikoaren arabera “Migrazioak itsasoarekin lotura oso estua duten gertakariak dira, eta orain dela urte bete pasatxotik hona museoak hainbat formatu ezberdinen bitartez garatzen ari den lan-ildoetako bat da. Leopoldina Rosaren erakusketak aukera paregabea eskaintzen digu lan-ildo horretan gehiago sakontzeko”.

Zumalakarregi Museoko Artxibo eta Bilduma arduraduna eta erakusketaren komisarioa den Mikel Alberdik adierazi duenez, “Bisitarientzat interesgarri suertatuko diren pertsonaiak ezagutzeko aukera ematen digu erakusketak. Honen helburua migrazioa prozesu konplexuarenganako hurbilketa gizatiarra lortzea da”.

Leo eta Dinarekin Odisea, haurrentzako murgiltze-esperientzia.

Erakusketarekin lotuta, museoak lehen aldiz bereziki haurrentzako sorturiko esperientzia ludiko bat sortu du, lehenengo solairuan kokatua: Leo eta Dinarekin Odisea. Gure lurraldean museo batek gazteenei zuzendutako mota honetako esperientzia bat sortu, diseinatu eta ekoizten duen lehen aldia izan daiteke. Leo eta Dinak abentura honetan, Donostiara 2090. urtean, bizitzeko desegokia eta idorra den hirira iritsiko diren haur, nerabe eta gazteak gidatuko dituzte. Eta migrazioa hasten da.

“Leo eta Dinarekin Odisea, erakusketa hau, migrazioen historia lantzeko bereziki gazteei zuzendutako formatu bat da; izan ere, migrazioak zuzenki eragiten baitie eta etorkizunean ere berdin gertatuko zaiela uste baitugu”  dio Xabier Alberdik.

Parte-hartzaile bakoitzak museoko sarreran jasotako ontziratze-txartelean Odisean aurrera egiteko jarraibideak eta pausoak izango ditu.  Esperientza hau, bakoitzak bere kabuz edota museoko bitartekaritza zerbitzuak, data zehatzetan eta erreserbarekin, dinamizaturiko bisiten bitartez egiteko aukera izango da.

Programazio mardula eta zabala

Beste behin, eta publikoaren erantzun ona dela eta, museoak ez du erakusketa itxi bat nahi eta horretarako hilero jarduera ugariak biltzen dituen programazio bat diseinatu du: komisarioarekin topaketak, #Alberditarrekin saltsan! izeneko topaketak, bisita gidatuak erakusketara, Leo eta Dinarekin Odisea -ra bisita dinamizatuak, familientzako tailerrak, etab. Gainera, Amets Arzallus bertsolaria eta kazetariak bezalako gonbidatuekin topaketak egingo ditugu, migrazioarekin zerikusia duten hainbat gairen inguruan gogoeta egiteko.

Erakusketarekin loturiko lehen jarduera, hurrengo otsailaren 10ean arratsaldeko zazpietan izango da, Mikel Alberdi komisarioarekin topaketa bat. Erakusketa sakon ezagutzeko aukera bat da, erakusketaren sortzailearen eskutik. Prezioa 3 eurokoa izanen da pertsona bakoitzeko.

“Leopoldina Rosa. Gaur egungo istorio bat”. 2021eko otsailaren 3tik ekainaren 13ra

Asteartetik-larunbatera: 10:00-14:00 / 16:00-19:00. Igandeak eta jai egunak: 11:00-14:00. Astelehena itxita. Sarrera doan

Bi erakusketek eta josasun arloko segurtasun neurriak betetzen dituzte. Aforoak kontrolatuko dira, erabili beharreko materialak egokitu dira eta Covid19ren aurrean segurtasun-neurri guztiak errespetatzen direla bermatzen da. Neurriak errespetatzera eta bisiten segurtasuna bermatzen laguntzera gonbidatzen ditugu bisitariak.

  • Programazioa: Mikel Alberdi komisarioarekin topaketa
  • Otsailak 10, asteazkena. 19:00etan
  • 3€ pertsonako. Edukiera mugatua.

Izen-ematea derrigorrezkoa da  Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu  helbidera idatziz edo 943 430051 telefonora deituz. Jarduerak COVID19ren aurkako segurtasun-neurrietara egokitu dira, eta edukiera mugatua izango dute. 

Deskargatzeko dokumentuak

leopoldina1

Contacto

Museoa bisita ezazu

Asteartetik larunbatera:
10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara

Igande eta jaiegunetan:
11:00etatik 14:00etara.
16:00etatik 19:00etara (ekainaren 15etik irailaren 15era)

Abenduaren 24 eta 31ean:
10:00etatik 14:00etara

Astelehenetan itxita.
Urtarrilaren 1, 6 eta 20an, eta abenduaren 25ean itxita.

Ordutegia, tarifak, taldeak...