Berriak

Berriak

EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskal itsas ekonomiaren ardatzetako bat

Askotan aipatu ohi da, mendetan zehar moiletako prestigio gutxiko lan gogor asko maila sozio-ekonomiko baxuko emakumeek burutzen zituztela. Besteak beste, Pasaiako portuan ontzien eta lehorraren arteko zamaketa eta garraio lanak “batelerak” deituriko emakumeek burutzen zituzten mendeetan zehar; XIX. mendean, aldiz, “sirgueras” deituriko proletarioen emazteak eta alabak ziren Bilboko portuan ontziak zirgatzen zituztenak, hau da, lehorretik tiraka ontziak atoian eramaten zituztenak.

Ezaguna da, halaber, arrantzale familietako emakumeak izan direla gaurdaino arrantza aparailuak prestatzen zituztenak, batetik, antxoa eta sardina arrantzarako sare handiak konpontzen (sare konpontzaileak) eta bisigutarako tretzak konpontzen eta betetzen (hau da, tretza bakoitzak dituen ehundaka amuak beitaz betetzen).

Badakigu ere, moiletan jangarri negozioetan emakumeak izan direla nagusi mendetan zehar gaurdaino: arrain kontserbategietako langileak, Ternuara eta baleatara eta abarrera zihoazen ontzietan hainbat hiletarako beharrezko zituzten jangarrien oinarria zen bizkotxa deituriko ogi berezia egiten zuten “bizkotxerak”, itsasoz ekarritako jangarriak (garia, lekaleak, gatza, ardoa...) handizka erosi eta gero txikizka saltzen zituzten “tabernerak”, arrantzaleek ekarritako arraina handizka erosi eta txikizka barne aldeko herrietan saltzen zuten arrainsaltzaileak edo “sardinerak” eta abar.

Ez da hain ezaguna ordea, azken jarduera horiek guztiak garatzeko garrantzitsua zen beste funtsezko eginkizun bat: artekaritza lana. Moiletan garatzen ziren salerosketetan oinarrizkoa zen saltzaileen eta erosleen arteko artekaritza lana, eta lan hori neurri handi batean tratu-lanean adituak ziren emakumeen esku zegoen. Emakume artekari horien baliabide nagusia informazioa zen: produktu ezberdinen merkatu egoerari buruzko (ugaritasuna edo urritasuna portu ezberdinetan, prezioen gorabeherak han eta hemen...) informazioa, saltzaile eta erosleei buruzko (batzuen eta besteen kopurua, zeukaten diru kopurua edo salerosteko presa eta beharra...) informazioa, atzerritik etorritako merkatarien hizkuntzen ezagutza eta abar.

Adibidez, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan euskal portuetara Bretainiatik eta Frantziatik gariz, gatzez eta lekalez zamaturik zetozen ehundaka ontzietako kapitainek euskal portuetan zeuden “venderesa” deituriko artekariak kontratatzen zituzten produktu horiek saltzeko. Burdinoletako olajaunek ere emakume horien zerbitzuak kontratatzen zituzten atzerriko ontzi horietara beren burdina saltzeko. Beste artekaritza mota bat “maestresa”, “pixonera” edo “neskatila” deiturikoek egiten zuten: arrain salmenta handia zuten Donostiakoa bezalako moiletan egiten zuten lan bertako eta, batez ere, kantauriar kostalde osotik etorritako beste arrantzontziek ekarritako arraina saltzen. Ontzi bakoitzak “maestresa” bat kontratatzen zuen eta bera arduratzen zen arraina saltzeko artekaritza lanez. Arrain artekari hauen artean baziren funtzio berezi bat betetzen zuten “ventera” deiturikoak ere. Donostiako kasuan bertako arrantzaleen kofradiak kontrataturiko emakume artekari hauen lana arrain enkanteak burutzea zen.

Egilea: Xabier Alberdi Lonbide, Euskal Itsas Museoko zuzendaria

Argazkiak: CC BY-NC 4.0 2015 /

KUTXATEKA-FOTO MARIN / Marí, Paco-