Berriak

Beste albisteak

Juan Azkaraten oroimenez

Joan den ostiralean museoan notizia triste bat jaso genuen. Juan Azkarate, Euzko Itsas Gudarosteko azken partaidea zendu egin da.

Espainiako Gerrate Zibilaren garaian Juan Azkaratek 14 urte zituen. Nahiz eta oso gaztea izan, hori ez zen eragozpena izan Euzko Gudarostean izen emateko. Horretarako bere benetako adina ezkutatu zuen.  Gudarostean, Araba bouaren 2. zerbitzari eta ametrailadore-laguntzaile izan zen. Nahiz eta Matxitxakoko Batailan ez zuen parte-hartu, Araba boua Bilbon mantentze lanetan zegoelako, gerran parte-hartze aktiboa izan zuen. 1937 ekainean Jose Luis Diez destruktorean ontziratu zen eta handik hilabete batzuetara Frantziara ihes egin behar izan zuen, handik berriro Kataluniara bueltatu eta borrokan jarraitzeko.

Nahiz eta urteak pasa, gaztaroko garrak eta indarrak, 80 urte geroago bizirik zirauten. 2016ean Museoan berarekin egoteko aukera izan genuen. Urte horretan, Euzko Itsas Gudarostearen sorreraren 80. urteurrena gogarazten zen.

Askatasunaren alde borrokatu ziren itsas gizon-emakume guztiekin batera ez zaitugu inoiz ahaztuko.